EAE-ko aurrekontuak

Akordiorako ateak itxita amaitu dute bilera Jaurlaritzak eta PP+C's-ek

Azpiazuk esan du koalizioaren «itxikeriak» ezinezko egiten duela negoziatzen jarraitzea.

Jaurlaritzako eta PP+C's-eko ordezkariak. IREKIA
jon olano
2021eko urtarrilaren 12a
14:41
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegorako 2021eko aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan egiten ari diren bileretan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua Carlos Iturgaiz eta Luis Gordillo PP+C's koalizioko legebiltzarkideekin batzartu da gaur. Bileran hitz egindakoaren diagnostiko argia egin du Azpiazuk: ez da posible negoziatzen jarraitzea, koalizioaren «itxikeriaren» ondorioz.

«Aurrekontua hobetzeko edo moldatzeko inolako proposamenik ez egiteaz gain, iragarri dute osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela, ziurtzat jo dutelako gobernuak aurrekontuei buruzko akordio bat itxia duela beste talde batekin», azaldu du Azpiazuk, eta gaineratu Jaurlaritzak indar politiko gehiago batu nahi dituela aurrekontuaren inguruko akordiora, nahiz eta EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua duten.

Iturgaizek berak baieztatu du osoko zuzenketa jarriko diotela Jaurlaritzaren proiektuari, haren iritziz «egungoa bezalako larrialdi une batean, diru sailak aholkularietara bideratzen jarraitzen» baitu. Bilera «adeitsua» izan da, baina Iturgaizek uste du aurrekontuak «abertzaleagoak» direla «errealistak» baino, eta ez datozela bat euskal gizartearen beharrekin.

Bilera sorta bihar amaituko du Azpiazuk, Elkarrekin Podemos-IUrekin. Itxuraz, hori izango da Jaurlaritzak beste talderen batekin akordioa lortzeko aukera bakarra; atzo, Azpiazuk berak baztertu zuen Voxekin ados jartzeko aukera, eta EH Bilduk «hankamotz» jo du aurrekontu proiektua.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, ostiralean azaldu zuen jarrera «eraikitzailearekin» joango direla asteazkeneko bilerara eta dokumentu bat eramango diotela Azpiazuri: «Ez dugu uste Euskadik behar dituen aurrekontuak direnik, oso kritikoak gara bere edukiarekin, baina hitz egin eta ados jarri nahi dugu, gure proposamenak aurrekontuan jaso daitezen».

Gasteizen, osoko zuzenketa

EH Bilduk iragarri du osoko zuzenketa jarriko diola Gasteizko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Miren Larrion bozeramaileak azaldu du Gorka Urtaranen gobernuak osaturiko aurrekontuek ez diotela erantzuten hiriaren egoerari. Hala ere, EH Bilduk 54 zuzenketa partzial jarriko dizkio, guztira 16,5 milioi eurorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.