EAJko Euzkadi Buru Batzarra atzo elkartu zen Sabin Etxean, eta hantxe erabaki zuen nola banatuko dituen ardurak aukeratu berri duen zuzendaritzako kideen artean. Aldaketetako bat da Xabier Barandiaran Azterlan, Azterketa eta Prospekzio Sozial, Berrikuntza Politiko eta 2030 Agendarako arduraduna izango dela. EBBko kide berrietako bat da Barandiaran: Ataunen jaioa da, 1969an, eta Soziologiako eta Politika Zientzietako doktore eta unibertsitate irakaslea.
Zuzendaritzaren postu nagusietan ez dago aldaketarik: Andoni Ortuzar izango da aurrerantzean ere EAJko presidente, eta Koldo Mediavillak segituko du arlo instituzionaleko arduradun karguan. Ortuzarren beste gertukoetako batek, Joseba Aurrekoetxeak, antolakuntzari, ogasunari, ekonomiari eta ondareari lotutako ardurak izango ditu. Aurrekoetxea (Portugalete, Bizkaia, 1960) Zuzenbidean lizentziaduna da, Gizarte Politikan eta Gizarte Zerbitzuetan aditua, eta EAJko kidea 1976tik.
Beraz, horrela egituratuko da EBB:
Presidentetza: Andoni Ortuzar. Abanton (Bizkaia) jaio zen, 1962an. Kazetaria da, horretan aritu da urte askoan, eta EBBko presidentea da 2013tik.
Idazkaritza: Mireia Zarate (Zamudio, Bizkaia, 1986). EBBko idazkari izandakoa. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasitakoa, Sabino Arana fundazioaren presidentea da.
Antolakuntza, Ogasuna, Ekonomia eta Ondarea: Joseba Aurrekoetxea.
Instituzionala: Koldo Mediavilla.
Gizarte Politikak, Enplegua eta Berdintasuna: Nerea Melgosa. 1970ean jaioa. Soziologiako lizentziaduna da eta Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendaria da Arabako Foru Aldundian. Berria da EBBn.
Lurraldearen Antolakuntza, Garraioa eta Garapen Jasangarria: Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, Gipuzkoa, 1967) Zuzenbideko lizentziaduna, Zumaiako alkate izandakoa eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea.
Azterlanak, Azterketa eta Prospekzio Soziala, Berrikuntza Politikoa eta 2030 Agenda: Xabier Barandiaran.
Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Kirola: Ana Esther Furundarena. Zornotzan (Bizkaia) jaio zen, 1966an. Irakaskuntzan lizentziaduna eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kidea da.
Kanpo Harremanak eta Nazioarteko Sustapena: Mikel Burzako. 1969an jaioa. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Zuzendari ohia, eta EAJren arduraduna kanpo harremanetan.
Lehen Sektorea: Jose Antonio Suso. Arraia-Maeztun (Araba) jaio zen, 1961ean. ABB Araba Buru Batzarreko presidentea da 2016. urtetik. Kimikan lizentziaduna da.
Horiez gain, honako hauek osatzen dute EBB:
Itxaso Atutxa: Bilbon jaio zen, 1967an. Ikus-entzunezkoen alorrean aritua da, eta BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente hautatu dute. 2013tik dago ardura horretan.
Joseba Egibar: Andoain (Gipuzkoa), 1959). GBB Gipuzko Buru Batzarreko presidentea 1987tik 2000ra, eta 2004tik gaur arte. EAJren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean.
Peio Etxeleku: Baionan jaio zen, 1973an. IBB Ipar Buru Batzarreko presidente hautatu dute, Pako Arizmendi ordezkatzeko. Enpresaria eta Kanboko hautetsia (Lapurdi).
Unai Hualde: Altsasun (Nafarroa) jaio zen, 1976an. NBB Nafar Buru Batzarreko presidente aukeratu dute, eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ere bada.
Ardura banaketaz gain, atzoko bileran onartu zuten «e-Erakundea» eratzea eta abian jartzea: «E-erakundea izeneko hau EAJk euskal gizarteari proposatzen dion harreman berria da, alderdikidetze klasikoa ez bezalakoa, Alderdiaren eta bere burukideen arteko konfiantza bultzatuz, herritarrekin aldebiko harreman erraz eta eraginkorra izate aldera». E-erakundeko kide izan ahalko dira EAJko kide izan nahi duten baina alderdi jeltzalearen eragin esparru geografikotik kanpo bizi diren guztiak, eta baita «bizitokia leku batean edo bestean dutela, EAJren alderdikide izan nahi ez duten arren, Alderdiarekin komunikazio eta informazio harremanak izan nahi dituztenak» ere. Atal hori idazkaritzaren ardurakoa izango da, eta, beraz, Mireia Zaratek zuzenduko du.