Euskal presoak

Baldintzapean aske utziko dute Antton Troitiño euskal presoa, eritasunagatik

Gaixotasun larri eta sendaezina dauka. 1987an atxilotu zuten, eta, geroztik, ia bizialdi osoa kartzelan egin du. Etxerat-en arabera, datozen orduetan aterako da Estremerako espetxetik.

Antton Troitiño, artxiboko irudi batean. EFE
2021eko urtarrilaren 12a
09:53
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak ebatzi du Antton Troitiño euskal presoari hirugarren gradua ematea eta baldintzapean aske uztea. Gaixotasun larri eta sendaezina dauka, eta, espetxe araudiaren 104.4 artikulua aplikatuta, aske geratuko da, baldintzapean. Epailearen autoak dio Troitiñok «oso gaixotasun larri eta sendaezina» duela, «neurri aringarrien bidez baino» ezin dela tratatu, eta, beraz, «espetxean egoteak hori zaildu» egin dezakeela. Etxerat-ek jakinarazi du datozen orduetan aterako dela Estremerako espetxetik (Espainia). Datorren urtean beteko luke zigor osoa.

Troitiño 1987an atxilotu zuten, eta 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan. 2011n atera zen. Baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. Londresen atxilotu zuten, 2012an —egunkariak banatzen lan egiten zuen han—. «Oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita —Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu zuen Parot doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterko Auzitegiak. Ondoren, akusazioko argudioak aldatu, eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak Troitiñori. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriro ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ostean, harik eta 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Sei urteko zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018an.

Etxeratek «besarkada handi bat» bidali nahi izan dio Troitiñoren familiari, eta laguntza eskaini dio «egoera zail honetan». Jakinarazi dutenez, Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten hamazazpi euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu du Donostiako presoaren «egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak» direla. Larriki eri diren preso guztiak askatzeko eskatu du euskal presoen senideen elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.