Kirgizistan

Zhaparov, espetxetik presidentetzara jauzi bakarrean

Kirgizistango presidente eta lehen ministro ohiak alde handiz irabazi ditu presidentetzarako bozak, botoen %79 eskuratuta. Oposizioak ez ditu emaitzak onartu.

Sadir Zhaparov, presidentetzarako hauteskundeetako irabazlea. IGOR KOVALENKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 11
13:35
Entzun

Duela hamabost urte sartu zen politikagintzan Sadir Zhaparov, diputatu aukeratu zutenean. Ibilbidea, ordea, eten egin zuen 2013an, presidentearen jauregian indarrez sartu eta «istiluak» bultzatzeagatik espetxeratu zutenean. Baina iazko urrian, parlamenturako bozen ostean, protestak lehertu ziren. Manifestariek salatu zuten iruzurra egon zela, eta protestak hasi zituzten; horietan, jende multzo batek Zhaparov espetxetik ateratzea lortu zuen. Hortik aurrera, azkarra izan zen igoera. Auzitegi Gorenak haren aurkako zigorra indargabetu ostean, lehen ministro izendatu zuten, eta, jarraian, presidente. Azaroan, baina, dimisioa eman zuen, hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Orain, botoen %79 lortuta, Zhaparov indartuta irten da.

Akram Madumarov nazionalista geratu da bigarren tokian, botoen %6,7 eskuratuta. Emaitzak ikusita, iruzurra salatu du oposizioak, eta ez ditu ontzat eman emaitzak. «Ez ditut emaitzak onartuko. Gaur agian politikariak isilik daude, baina bihar jendeak galderak egingo ditu», salatu du Madumarovek.

Kritiko agertu da ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea ere, eta Zhaparovi egotzi dio «kanpainaren jabe» egin izana, beste hautagaiei tarterik utzi gabe. «Berak bakarrik izan du gaitasuna herrialde osoan kanpaina egin ahal izateko, eta horrek eragina izan du garaipen zabalean. Komunikabideek ere ez dute interpretazio kritikorik egin, eta ez dira ikertu kazetarien aurkako azken erasoak», salatu du erakundeak.

Zhaparovek, bestalde, pozik hartu du garaipena. Iragarri du ahalegina egingo duela aurreko gobernuaren «akatsak» errepikatu ez daitezen, eta iradoki du baztertu egingo dituela aurreko administrazioko goi kargudunak: «Gobernuko ateak beti egongo dira zabalik herritarrentzat. Burokrata zaharrak eta buruzagi ustelak boteretik baztertu behar ditugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.