Gaurko egunez hil zuen ETAk Jose Ignacio Iruretagoiena, duela 23 urte. Hori dela eta, omenaldia egin diote Zarauzko hilerrian (Gipuzkoa). Han izan dira, besteak beste, Carlos Iturgaiz, Laura Garrido, Jose Luis Arrue eta Borja Corominas PPko buruzagiak. «Euskalduna, zarauztarra, bere herria maite zuen, eta urrats bat egin zuen PPren proiektuak defendatzeko», azaldu du Iturgaiz PPk EAEn duen bozeramaileak. «Horregatik» hil zuen ETAk, haren arabera, «beste kide batzuk hil zituen bezala». Garai hartan ETAk «PP garbitzeko kanpaina bat» egin zuela ohartarazi du.
PPko bozeramaileak omenaldia baliatu du euskal presoen aldeko aldarriak salatzeko. Iturgaizen arabera, 23 urteren ondoren badira «aldatu ez diren gauzak», eta Sarek euskal presoen eskubideen alde gaur antolatu dituen mobilizazioak izan ditu hizpide: «Hiltzaileen, borreroen, desagerrarazi nahi gintuztenen alde manifestatzen diren berak dira, indarkeria txalotu eta justifikatzen dutenak. Bildu deitzen da, lehen Batasuna, eta horiek dira 20 urteren ondoren gertatutako hura justifikatzen jarraitzen duten ETA zaleak».
Sareren manifestazioa ez ezik, EH Bildu, Unidas Podemos eta PSOE alderdiak ere izan dituzte jomugan PPko bozeramailearen hitzek. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak EH Bildurekin «itun lotsagarria» egin duela salatu du: «Ezkerreko fronte honek prebendak ematen dizkie ETA justifikatzen dutenei, ETA gaitzesten ez dutenei eta gaur ETAko kriminalen alde manifestatuko direnei. Hori da errealitatea». Bukatzeko, esan du ETAren biktimek ez zutela biktima izatea erabaki, eta honako hau gaineratu du: «ETAko hiltzaileek beti nahi izan dute kriminalak izan, jendea hil eta terrorismoa egin».