Mitxel Unzueta abokatua eta politikari ohia hil da

Unzuetak euskal politikagintzan eginiko urratsak goraipatu ditu EAJk, eta berak eginiko lana «esanguratsua» izan dela nabarmendu.

Mitxel Unzueta. EAJ
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 7a
17:55
Entzun

Mitxel Unzueta politikaria eta abokatua hil da, 88 urte zituela, EAJk jakinarazi duenez. «EAJk bere doluminik sentikorrena eta hurbiltasuna adierazi nahi dizkie Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat eta Trantsizio garaiko euskal politikagintzako eragile nagusietakoa izan zenaren senide eta lagunei», adierazi du alderdiak ohar baten bitartez.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen Unzuetak, eta, bertako irakaslea izateaz gainera, bide luzea egin zuen politikagintzan ere. Franco hil eta Espainiako lehen hauteskunde orokorretan, senatari izateko hautatu zuten. Bi urte geroago, 1979an, berriro aukeratu zuten. Gernikako Estatutua idatzi zuten kideetako bat ere izan zen, eta hura 1979an onartu ostean, Eusko Legebiltzarrera jauzi egitea erabaki zuen, 1980 eta 1984 bitartean. EAJk «gizon pragmatiko» gisa gogorarazi du: «Printzipioen erradikaltasunean oinarrituta eta, aldi berean, zuzenbidearen, jurisprudentziaren eta arrazoi historikoaren aldekoa».

Hitz batzuk eskaini dizkio Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere. Haren arabera, euskal politikagintzako «garairik esanguratsuenetako batean funtsezkoa» izan da Unzuetak eginiko lana: «Trantsizioaren zirrikituetan aritu zen Konstituzioaren aurrean euskal herritarren aldarrikapenak defendatzen eta Gernikako Estatutua sortzen». Areago, alderdian bertan ere lan «esanguratsua» egin duela azpimarratu du, eta «gizaseme arteza, legegile bikaina eta goitik beherako abertzalea» izan dela nabarmendu. Erantsi du esker ona baino ezin dutela adierazi: «Berak utzi digun eredutik ere ikasi behar dugu, herri hau askatasun mailarik gorenera gida dezagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.