Zortzi urteko zigor eskaria Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteentzat

Urtarrilaren 21ean eta 22an epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta auzia salatzeko 'Ankerkeriari Stop' herri egitasmoa aurkeztu dute, Gasteizen. Uste dute «konponbidearen» bidean, «oztopo bat» dela epaiketa.

'Ankerkeriari Stop' herri ekimena aurkeztu dute gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 7a
13:12
Entzun

2019ko otsailaren 8an atxilotu zituen Ertzaintzak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Maria Tardon epaileak espetxera bidali zituen bi gazteak, eta urte bereko udaran atera ziren. 6.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuten baldintzapean aske gelditzeko, epaiketa iritsi bitartean. Hain zuzen, urtarrilaren 21ean eta 22an epaituko dituzte Madrilen, eta Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du haietako bakoitzarentzat. Epaiketa oinarri, Ankerkeriari Stop herri ekimena aurkeztu dute gaur Gasteizen, eta mobilizazio bat egingo dute hilaren 16an.

Bi gazteez gain, beraien abokatuak eta herri ekimeneko bozeramaileek hartu dute parte gaurko agerraldian. «Badira hamar urte beste testuinguru batean murgildu ginela, baina estamentu faktikoek iraganera kateatu nahi gaituzte: kartzela hustu beharrean haiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute», adierazi dute bertaratu direnek. Haien arabera, «konponbidearen» alde egin behar dira urratsak, baina auzia oztopo bat bilakatu da bide horretan. «Galder eta Aitor kartzelan sartu zituzten froga lausoak aurkeztuta, eta lekuz kanpo dagoen prozesu kafkiarrean murgildu dituzte, salbuespenezko kartzela zigor luzeak ezartzeko asmoz».

Herri ekimeneko kideek «justizia» eskatu dute, hala nola «elkarri eragindako zauriak sendatzen lagunduko, eta bizikidetza sustatuko» duena. Beraz, askatasuna aldarrikatzeaz gain, elkartasuna eta babesa adierazi diete bi auzipetuei, prozesua «berehala» gelditzeko eskariarekin batera. Ohartarazi dutenez, epaiketaren larritasunak «sekulako dimentsioa» du, eta bi gazteen aurkako epaiketaz harago, «herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatu bat» da. Hala, herri ekimenaren helburuarekin bat egin nahi duen orok, manifestua sinatzeko aukera izango du.

Mobilizazioetarako deia

Ekimenaren aurkezpenaren ostean, bozeramaileek jakinarazi dute urtarrilaren 11an, astelehenean, batzar ireki bat egingo dutela arratsaldeko zazpietan, Gasteizko Judimendi auzoko auzo elkartean. Horrez gain, mobilizazio nagusi baten berri ere eman dute. Hain zuzen, hilaren 16an, manifestazio bat egingo dute 17:30ean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Epaiketaren egunetan, berriz, beste mobilizazio batzuk antolatuko dituzte Amurrion eta Gasteizen, bertakoak baitira gazteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.