Paco Pozueta 1982 eta 1989 artean EAJren senataria izandakoa hil zen, atzo, Logroñon, (Errioxa, Espainia). Pozueta 1938an jaio zen Zumarragan (Gipuzkoa), eta EAJk ohar baten bidez jakinarazi duenez, besteak beste Urretxu Zumarraga Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen 1960ko hamarkadaren amaieran. Urretxu eta Zumarragako EAJren presidente aukeratu zuten urte batzuk geroago, eta GBB Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkari izateaz gain, EBB Euzkadi Buru Batzarreko kidea izan zen.
1990eko hamarkadan politikagintza utzi zuen, eta ordutik, elikagaien eta ardoaren munduan lan egin zuen, Errioxan (Espainia). Baños del Rio Tobia herrian bizi zen. EAJk doluminak helarazi dizkie Pozuetaren senide eta lagunei, eta nabarmendu «izen handiko» eragilea izan zela «esparru politikoan zein sozialean».