Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek deituta, protesta bat egin zuten Iruñean urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna salatzeko. Zehazki, Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Kristobal Kolonen figura erraldoiak lurrera bota zituzten Diputazio Jauregiaren aurrean, eta adierazi zuten urriaren 12an ez zeukatela «ezer ospatzeko». Urriaren akaberarako, polizia etxera deklaratzera deitu zituzten hamasei lagun, eta horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte. Hori salatzeko, Sortuk manifestazio batera deitu du urtarrilaren 16rako.
Alderdiak ohar batean azaldu duenez, protestariak deklaratzera deitu izana «oinarrizko askatasunen kontrako eraso bat da», eta horrek agerian uzten du urriaren 12ko ekintzak berak salatu asmo zuena: «Historian zehar herrien eta herritarren zapalkuntzaren gainean eraiki dela Espainiaren proiektua, inposizioaren eta errepresioaren gainean». Horregatik, protesta hori auzitegietara eraman izana baino gehiago, «1978ko erregimena» bera nahi dute gaitzetsi.