1957an Frankensteinen mitoari ikuspegi berritzaile batekin heltzearekin batera (The Curse of Frankenstein), Hammer ekoiztetxea beldurrezko zinemaren erreferentzia nagusi bilakatu zen, harik eta 70eko hamarkadaren hasieran gain behera hasi zen arte. Lantalde finko bat samar bat izan zuen ekoiztetxeak hasieratik (Terence Fisher zuzendaria, Jimmy Sangster gidoigilea, Freddie Francis argazki zuzendaria, Peter Cushing eta Christopher Lee aktoreak), eta haren parte izan zen Barbara Shelley aktorea ere. Batik bat 1960ko hamarkadan, hura izan zen ekoiztetxearen izar handienetako bat, eta gaur egun ere erreferentziazko aktore izaten jarraitzen du generoaren jarratzaileentzat, eta baita, oro har, zinemazalentzat ere. Shelley gaur hil da 88 urterekin.
Shelley (Londres, 1932) Mantrap (1953) filmarekin estreinatu zen zineman, hain zuzen ere Fisherren aginduetara eta Hammerren barruan. Artean zinema ekoiztetxea hasi gabe zegoen beldurrezko zinemaren ikonoak berrikusten, baina ordurako ari zen bilakatzen Erresuma Batuko zinema popularraren iturri nagusia. Italian hainbat filmetan parte hartu ostean, Ingalaterrara itzuli, eta telebistarako lanean hastearekin batera, hainbat filmetan ere hartu zuen parte Shelleyk. Blood of the Vampire (1958) eta Village of the Dammed (1960) izan ziren ospea eman zioten lanetako batzuk, eta 1964an Fisherrekin lan egin zuen The Gorgon-en. Ordurako Hammer ekoiztetxearen zuzendari inportanteena zen Fisher, The Curse of Frankenstein-en ondoren, Dracula (1958), The Mummy (1959), The Hound of The Baskervilles (1959), The Brides of Dracula (1960) eta The Faces of Doctor Jekyll (1960) filmekin beldurrezko generoaren faktoria nagusia bilakatu baitzuen Hammer. The Gorgon-ez gain, Dracula kondearen itzuleran ere lan egin zuen Shelleyk Fisherrekin, Dracula Prince of Darkness-en (1965).
Hammerren barruan beste hainbat filmetan ere hartu zuen parte Shelleyk urte haietan: The Camp of Blood Island (1958), Shadow of the Cat (1962), Rasputin, The Mad Monk (1966), Quatermass and The Pit (1967). Baina estudio horretatik kanpo ere egin zuen lan, Blood of the Vampire eta Village of the Dammed-en, esaterako.
70eko hamarkadatik aurrera, telebistan hartu zuen aterpe, eta lan egin zuen 80ko urteak amaitu arte.