Zoru oso bat, 23,5 metro koadro, tesela zuriz, beltzez eta gorriz osaturiko forma geometrikoekin. Horra Ablitasen (Nafarroa) El Villar aztarnategian zaharberritu duten mosaikoa. Nafarroan azken 25 urteotan osorik aurkitu duten bakarra da, eta hiru urte eman dute hura lur azpitik ateratzen, eta bere onera ekartzen.
Erromatarren galtzada batetik gertu eraiki zuten jauretxe handi bateko 19. gelaren zorua zen. Oktogono formakoa. Zirkuluak eta gurutzeak marraztu zituzten koloretako zeramikazko lauki txikiekin, hau da, teselekin. Horietako batzuk pirita mineralezkoak ziren, eta horrek nolabaiteko urregorri kolorea ematen dio zoruari.
2010. urtetik ari dira lanean aztarnategi horretan. 2017an aurkitu zuten 19. gela, eta, hurrengo urtean, indusketa babestu zuten 768 metro koadroko estalpe bat eraikita. Abiltasko Udala da aztarnategiaren jabea, eta, besteak beste, Nafarroako Gobernua eta Vianako Printzearen Erakundea aritu dira lanak bultzatzen.
Amaitu berri den urtean garbitu dute 19. gela. Lurra kendu ondoren, teselak eta haiek itsasteko morteroa zerekin egin zituzten dauden aztertu dute. Horrez gain, gelaren inguruko horma sendotu dute, askatuta zeuden guneak berriz itsatsi dituzte, eta zuloak bete dituzte. Galtza bete lan eduki dute teselen gainean sortutako karezko pinportak kentzen. Izan ere, teselen kolorea ez kaltetzeko, bisturiarekin kendu behar izan dituzte, banan-banan eta eskuz. Berta Balduz adituak zuzendu ditu lanak, eta 25.000 euro inbertitu dituzte horretan.
Aztarnategian pieza asko atera dituzte urteotan. 2013ean, amodioaren jainko Kupido irudikatzen duen figuratxo bat aurkitu zuten. Horrez gain, txanponak eta azabatxezko zintzilikario bat topatu dituzte.
Mosaikoa egurrezko estalki batekin babestu dute.
Ablitasko El Villar aztarnategian topaturiko mosaikoa, zaharberritzearen fase batzuetan.NAFARROAKO GOBERNUA
Aztarnategiak emango du zeresana datozen urteotan ere. 2020an udala aritu da Kristo ondorengo IV. mendeko beste hainbat gela zaharberritzen, eta lan horiekin jarraitzeko asmoa daukate.
Garrantzi handia eduki zuten garaian halako landetxe handik. Izan ere, nekazaritzara eta abeltzaintza lantzeko oinarrizko unitateak ziren, normalean familia baten ardurapean. Han bizi zen familia, eta han lantzen, eraldatzen eta gordetzen zituzten inguruko lurrei eta animaliei erauzitako mozkinak. Hau da, mendialdean gero baserriek edukiko zuten antzeko eginkizuna zeukaten, parekatze aldera.
El Villarren, esaterako zerealak, ardoa, olioa eta bestelakoak lantzen zituzten. Bidearen aldamenean egoteak aukera ematen zien gero mozkinak hirietara eramateko, saltzera.