Marian Ibarluzea Arrasateko (Gipuzkoa) emakumeak hamar urte zeramatzan Kanariar Uharteetan bizitzen, eta duela hiru hilabete ezagutu zuen bikotekidea. Azken egunetan Ibarluzearekin kontaktuan jartzea lortzen ez zuenez, haren lagun batek salaketa ipini zuen, eta abenduaren 30ean topatu zituzten gorpuzki batzuk, desagertutako andrearen etxean, Kanaria Handian.
Bikotekidea komisariara joan zen abenduaren 31n, eta aitortu zuen berak hil zuela Ibarluzea, eta hilotza etxebizitzaren alboan lurperatu zuela. Epaileak baldintzarik gabeko espetxealdira bidali du gizonezkoa.
2020. urteko azken hilketa matxista salatzeko, Arrasaten elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan, abenduak 2, herriko plazan, 12:30ean Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak deituta.
Bost hilketa urtebetean
2003az geroztik, 107 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak. Ibarluzearenarekin, bost izan dira 2020. urtean indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak, BERRIAren zenbaketaren arabera. Itxialdia hasi baino lau egun lehenago, martxoaren 11an gizonezko batek haren bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia). Etxeratze agindua hasi eta berehala, berriz, martxoaren 16an bere ama hil zuen gizonezko batek Soraluzen (Gipuzkoa). Maiatzaren 6an, berriz, Angelun (Lapurdi) 83 urteko bere emaztea hil zuen 89 urteko gizonezko batek, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.