'Brexit'-a

Ibilbide komunaren azken orduak

Gauerdian amaituko da 47 urtez Erresuma Batua eta Europako Batasuna batu dituen harremana. Bart eman zion baizkoa akordioari Erresuma Batuko Lorden Ganberak, eta Elizabeth II. erreginak sinatu zuen ituna.

Boris Johnson, atzo, akordioa sinatu zuen unean, Londresen. ANDREW PARSONS / DOWNING STREET / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 31
13:04
Entzun

Azkenean iritsi da brexit-a gauzatuko den eguna, akordio eta guzti gainera. Erresuma Batuak gauerdian utziko dio erabat Europako Batasuneko kide izateari. 47 urtez izan da kide, 1973. urtean Irlanda eta Danimarkarekin batera batasunean sartu zenetik gaur arte. 11 hilabetez negoziatzen jardun ostean, joan den astean adostu zuten akordioa Bruselak eta Londresek, eta azken egunetan akordioa gaur gauean gauzatu ahal izateko pausoak ematen jardun dira.

Azken urrats horiek atzo eman zituzten Erresuma Batuan: Komunen Ganberak arratsaldean eman zion baiezkoa itunari; jarraian Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak sinatu zuen akordioa; Lorden Ganberak gauean eman zion baiezkoa; eta, azkenik, Elizabeth II. erreginak sinatu zuen bi aldeek adostutakoa, gauerdian.

Amaierara iritsi da lau urte eta erdi iraun duen prozesua, baina gutxiengoak soilik adostu dituzte Bruselak eta Londresek, eta aurrerantzean ere negoziatzen jarraitu beharko dute harreman berriaren oinarriak ezartzeko. Johnsonek atzo esan zuenez, gaur gauean «garai berri bat hasiko da Erresuma Batuarentzat». Gehitu zuen aurrerantzean Europako Batasuna izango dela Londresen aliatu nagusia: «Kostata, baina iritsi da momentua, eta baliatu egin behar dugu».

Bihar gauzatuko da brexit-a eta berrezarriko dira mugak eta aduanak Mantxako kanalaren alde bietan. Dena den, ituna ez da osorik aplikatuko denbora batez, Europako Parlamentuak onartu arte, gutxienez. Aurreikusita dago bozketa hori urtarrilaren 18ko astean egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.