Urteko heriotzen datuak biltzen bukatzeko, Hegoaldean azken bi asteetako datuak falta dira, eta Iparraldean, azken zazpi asteetakoak; hala ere, 2020a inoizko heriotza gehieneko urtea bilakatu da dagoeneko; alde handiz, gainera. Iaz, 30.823 pertsona hil ziren, eta aurten, aste batzuetako datuak biltzea falta bada ere, 33.228 heriotza gertatu dira. Urtea bukatzeko falta diren datuekin, 35.000 heriotza inguru izango dira, iaz baino 4.000 bat gehiago, alegia —heriotzen kopuruak %13 egin du gora, kolpez, 2019tik—. COVID-19ak eragin ditu heriotzen %12.
Urte batean inoiz ez da hainbeste heriotza izan?
Ez. Heriotza erregistro modernoak 1970etik aurrerakoak dira Iparraldean (INSEE Frantziako Estatistika Institutua), eta 1980tik aurrerakoak Hegoaldean (INE Espainiako Estatistika Institutua). Horien arabera, inoiz ez da hainbeste heriotza izan urte bakarrean. Aintzat hartuta 1990etik aurrera ez dela hazkunde nabarmenik izan biztanlerian, esan liteke 1936ko gerra bukatuz geroztik ez dela Euskal Herrian urte bakarrean hainbeste heriotza inoiz gertatu, 1980tik atzera orain baino biztanleria txikiagoa zuelako Euskal Herriak, eta, beraz, heriotza gutxiago gertatzen zirelako.
Normala da urte bakar batean hala ugaritzea?
Azken urteetako joera izan da heriotza kopuruak gora egitea, baina 2020an gertatu dena ez da normala izan, urte batetik bestera ez baita halako hazkunderik gertatzen. Bizi itxaropena luzatuz doa azken hamarkadetan, eta gizartea gero eta zaharragoa da; horrek ekartzen du heriotza kopuruak ere handituz joatea urteetan aurrera egin ahala. Ez da hazkunde esponentziala, baina bai joera orokorra. Adibide gisa: 2010ean 27.681 heriotza gertatu ziren; 2015 arte, gorantz egin du zifra horrek, eta gero egonkortu egin da 30.000-31.000 heriotza inguruan. Horregatik ez da normala aurtengo hazkundea, kolpetik gertatu delako; COVID-19ak azaltzen du hazkunde hori.
Orain arte, noiz izan dira heriotza gehien?
2015ean. Urte hartan 31.463 heriotza gertatu ziren; 2020an baino 3.500 bat gutxiago. 2010etik aurrera, urte batetik bestera ez da inoiz halako jauzirik izan: igoerak edo jaitsierak, urte batetik besterako gorabeherak %2-3 ingurukoak izan dira gehienez. 2015a da hamarkadako salbuespen bakarra: heriotza kopuruak %8 egin zuen gora 2014tik 2015era. Ez zen arrunta izan. Baina 2020 ezohiko honek atzean utzi du 2015eko datua, heriotzak %13 ugaritu baitira 2019tik 2020ra. 2015aren aldean, berriz, %10 heriotza gehiago gertatu dira 2020an.
Nola lantzen dituzte estatistika hauek?
Hegoaldean, erregistro zibilek heriotza bakoitzarentzat egiten dituzten akten datuekin osatzen du estatistika INEk. Aurten, datu horien gainean estimazio bat eskaintzen ari da, bi astetik bi astera. Iparraldean, herriko etxeek emandako datuekin osatzen du estatistika INSEEk.
INEk urte oso bat behar izaten du heriotzen datuak kontrastatu eta arazteko. Berez, 2020ko heriotza datuak 2022 hasieran emango zituzkeen, baina, COVID-19aren eragina unean-unean neurtzeko, ahalegin berritzailea egin du aurten, eta asteka ematen ari da datuak —urtarrilaren erdialdera emango ditu urte osoko datuak—. Behin-behineko datuak dira, beraz, eta izan litezke gorabehera txiki batzuk oraindik, baina, hala ere, zenbat jende hil den jakiteko daturik sendoenak dira.
INSEEk hilabetero ematen ditu datuak, heriotza guztiak banaka xehatuta, egunez egun. BERRIAk asteka antolatu ditu Ipar Euskal Herriko heriotzak, Hegoaldekoekin bateratu eta konparatzeko.
Nola batzen dituzte datuak asteka?
Urteko lehen osteguna daukan astea zenbatzen du INEk urteko lehen aste gisa. Hori aintzat hartuta, astelehenetik igandera gertatutako heriotza guztiak batzen ditu aste bakoitzarentzat. Egutegiaren gorabeherengatik, gertatzen da bost urtean behin 53 aste izaten dituela urte estatistikoak; hurrengo lau urteek 52 aste izaten dituzte. 2020ko estatistikaren lehen asteak, adibidez, 2019ko abenduaren 30etik 2020ko urtarrilaren 5 arteko heriotzak zenbatzen ditu. Azken hamarkadan heriotza gehien gertatu diren bi aldietan, 2015ean eta 2020an, 53 aste hartu ditu estatistikak. Baina horrek ez du esplikatzen bi urte horiek izatea heriotza gehienekoak, 2020ko estatistikak 52 aste izango balitu ere, heriotza gehieneko urtea izango baitzen: 34.000 heriotza baino gehiago izango ziren.
Zer sasoitan gertatzen dira heriotza gehien?
Urteko azken bi asteetan eta urteko lehen bi hilabeteetan. Normalean, beraz, abendua, urtarrila eta otsaila izaten dira heriotza gehien gertatzen diren hilabeteak. Baina 2020a hor ere ez da izan batere normala: udaberrian eta udazkenean gertatu dira heriotza kopuru ezohikoak, goiko grafikoak erakusten duenez. Alegia, martxo bukaeran, apirilean eta azaroan pilatu dira daturik ezohikoenak, koronabirusaren olatuak indartsuen egon diren garaian.
Zenbat jende hiltzen da astero batez beste?
Urte sasoiaren arabera aldatzen da, baina esan liteke 500 eta 600 pertsona artean hiltzen direla astero Euskal Herrian; batezbestekorik arruntena da. Udazken bukaeran 650era urreratzen dira, eta neguko aste batzuetan 700 edo 800 baino gehiago izan litezke. Nekez gainditzen dute kopuru hori. 2020ko lehen asteetako joera azpitik zihoan: martxoaren 22 inguru arte, iaz baino 250 bat heriotza gutxiago gertatu ziren. Orduan gertatu behar zuten urteko heriotza kopuru handienek, eta apirilean gutxitzen hasi behar zuten, baina justu kontrakoa gertatu zen.
Areago, Euskal Herrian, orain arte, behin bakarrik hil dira aste bakarrean 900 lagun baino gehiago. 2020ko martxoaren 23tik apirilaren 12rako hiru asteetan, ordea, 1.000 heriotza baino gehiago gertatu ziren astero, hiru astez jarraian. Sekula ez da halako daturik erregistratu. Abuztutik aurrera ere ezohiko datuak izan dira, berez heriotza gutxieneko asteak diren arren: normalean, udatik aurrera, nekez izaten dira astean 600 heriotza, baina 2020ko aste askotan gainditu da kopuru hori; urritik aurrera batez ere.
Hazkundearen ondoren gutxitu dira heriotzak?
Hori ere ez. Uztaileko lehen bi asteetan, asteko 500 heriotza baino gutxiago izan ziren, baina jaitsiera hori ez zen esanguratsua eta jarraitua izan. Bestela esanda: udaberrian normala dena baino askoz jende gehiago hiltzeak ez zuen ekarri udan normala dena baino askoz gutxiago hiltzea. Eta jaitsiera apal eta puntual horrek ez du orekatu urteko igoera ezohikoa.
Zenbat heriotza eragin ditu COVID-19ak?
Koronabirusak gutxienez 4.008 heriotza eragin ditu abenduaren 27 arte. Hori da datu ofiziala, eta kontrastatu liteke beste datuekin. INEk abenduan argitaratu du 2020ko lehen bost hilabeteetan gertatutako heriotza guztien arrazoien zerrenda. Datu horien arabera, infekzioek 2.554 heriotza eragin zituzten Hegoaldean; COVID-19ak eragindako heriotzak atal horretan sailkatu ditu. Aurreko urteetan, epe berean, 200 pertsona baino gutxiago hil izan dira infekzio arazoengatik. Hortaz, COVID-19ari egotzi dakizkioke 2.350 heriotza inguru urteko lehen bost hilabeteetan Hegoaldean.
2010 eta 2019 arteko heriotza guztien batezbestekoarekin alderatuta ere antzekoa da emaitza. 2020an, batezbesteko horren arabera hil behar zutenak baino 2.500 pertsona inguru gehiago hil baitira maiatz bukaera arte. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun sailek emandako datuen arabera, berriz, 2.081 heriotza eragin zituen koronabirusak urteko lehen bost hilabeteetan.
Datu horiek urte osora zabalduz gero, ustez gertatu behar zuten baino 4.300 bat heriotza gehiago gertatuko dira 2020an, guztira. Alegia, urteko heriotza guztien %12 inguru eragin ditu koronabirusak.
Urte sasoi guztietan izan da joera bera?
Ez. 2020ko negu hasieran, urtarrilean eta otsailean, iaz baino heriotza gutxiago gertatu ziren. Udaberrian, martxotik aurrera, aste gutxitan hazkunde handia izan zen heriotzetan; udazkenean, hazkundea apalagoa izan da, baina gehiago iraun du jaitsi gabe. Aintzat hartu behar da heriotzena ez dela estatistika lineal bat; gorabehera handiak izaten ditu. Halere, badira patroi batzuk: adibidez, inoiz ez dira kateatzen gehiegizko heriotzen aste asko segidan. 2020a salbuespena izan da horretan ere: 2010 eta 2019 arteko datuekin alderatuta, koronabirusa agertu zenetik ia astero gainditu da asteko heriotzen kopurua batez besteko: hain zuzen, koronabirusa agertu zenetik joan diren 44 asteetatik, 37tan gainditu da batezbestekoa.
Joera bera izan da probintzia guztietan?
Ez: lurralde bakoitzak bere bilakaera izan du, eta heriotza guztien estatistikak nahiko zehatz erakusten du koronabirusak nola eragin duen leku bakoitzean.
Araban, martxoan eta apirilean gertatu zen heriotzen ugaritze nabarmenena. Hortik aurrera, ez da ezohiko daturik izan, abenduko lehen bi asteetara arte. COVID-19aren lehen olatuak bete-betean harrapatu zuen herrialdea, baina bigarren olatuak ez du hainbeste heriotza eragin. Lehen olatuan 390 bat izan ziren gehiegizko heriotzak —2010-2019 aldiarekin konparatuta—, eta bigarrengoan, 140 bat. Espero ziren heriotzak baino %20 gehiago gertatu dira.
Bizkaiak antzeko joera izan du, baina biztanleriarekiko proportzioan txikiagoa da eragina, kopuru absolutuak handiagoak izan arren: koronabirusaren lehen olatuaren garaian gehiegizko 1.000 bat heriotza izan ziren Bizkaian, eta bigarren olatuan, 580 bat. Udazkeneko heriotza datuetan Bizkaian ere hazkunde bat sentitu den arren, ez dira datu hain ezohikoak izan. Espero zitezkeen heriotzak baino %13,5 gehiago gertatu dira 2020an.
Nafarroak, berriz, bi olatuak harrapatu ditu, eta gehiegizko heriotzen lasta han nabaritu da gehien. Lehen olatuan gehiegizko 730 bat heriotza zenbatu zituzten, eta bigarrengoan, 400 bat. Espero zitezkeen baino %20,5 heriotza gehiago gertatu dira urte osoan, Araban bezalatsu, baina Araban udaberrian kontzentratu zen hazkunde hori. Nafarroan, berriz, heriotza kopuru altuak izan ziren udaberrian, eta udazkenean ere goitik ibili dira, Gipuzkoan bezain nabarmen ez bada ere.
Bada joera orokor bat Araban, Bizkaian eta Nafarroan: koronabirusaren bigarren olatuaren sasoian heriotza kopuruak altuak izan dira, baina ez lehen olatuan bezain altuak, eta denbora luzeagoa iraun dute. Udaberrian, heriotza asko denbora gutxian pilatu ziren; udazkenean, heriotza gutxiago izan dira, baina olatua luzeagoa da. Gipuzkoan eta Iparraldean bestelakoa izan da bilakaera: bigarren olatuaren garaian heriotza gehiago gertatu dira.
Gipuzkoan, udaberrian, hiruzpalau astetan pilatu ziren gehiegizko heriotza kopuru esanguratsuak (350 inguru) eta Hegoaldeko beste probintzietan, sei astez. Horrek adierazten du koronabirusaren lehen olatuaren eragina beste lurraldeetan baino ahulagoa eta laburragoa izan dela Gipuzkoan. Bigarren olatuak, aldiz, eragin handiagoa izan du: gehiegizko 625 bat heriotza. Bigarren olatuan lehendabizikoan baino gehiegizko heriotza gehiago pilatu dituen lurralde bakarra da Hegoaldekoen artean; urritik aurrera hasi da hazkundea. Esperotako heriotzak baino %14,5 inguru gehiago izan dira 2020an.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuek bestelako errealitate bat erakusten dute, guztiz diferentea: ez dute gehiegizko heriotza kopururik izan udaberrian —grafiko honetan batuta agertzen dira hiru probintzietako datuak, Zuberoako eta Nafarroa Behereko datuak txikiegiak direlako estatistikoki landu ahal izateko, beste probintziekin konparazioz—. Are gehiago baita: iaz baino 70 bat heriotza gutxiago izan dira ekainera arte. Koronabirusaren lehen olatuak ez du inolako aztarnarik utzi Ipar Euskal Herriko heriotzen estatistikan. Udan eta udazken hasieran ere ez da sentitu birusaren eragina, baina azaroko lehen bi asteetako datuek beste zerbait erakusten dute: gehiegizko 70 bat heriotza pilatu dira bi aste horietan —urte osoan 110 inguru lirateke—. Azaro erditik aurrerako datuak falta dira, eta urteko azkeneko zazpi asteetako datuak ikusi beharko dira joera baieztatzeko, baina datuek iradokitzen dute Ipar Euskal Herrian koronabirusaren bigarren olatuak eragina izan duela bat-bateko heriotzen ugaritze horretan azaro hasieran, udazkenean hasi baitziren kutsatzeak ugaritzen.
Beste heriotzetan eragin du COVID-19ak?
Ez du itxurarik. INEren arabera, urteko lehen bost hilabeteetan hirugarren heriotza arrazoia izan da COVID-19a. Hegoaldean, maiatza bukatu arte, 3.367 pertsona hil ziren tumoreengatik (2016an, epe berean, 3.325); hori izan ohi da heriotza arrazoi nagusia. Zirkulazio aparatuko arazoek eragin zituzten 2.296 heriotza epe horretan (2016an, 3.250); bigarren heriotza arrazoi nagusia izan ohi da. Infekzioek eta koronabirusak eraginda hil ziren 2.554 (2016an, 189). Arnas aparatuko arazoengatik 1.162 hil ziren (2016an, 1.260). Buruko eta portaera nahasmenduek eragin zituzten 913 heriotza (2018an, 911). Ondorioztatzen da COVID-19ak eragindako heriotzen ugaritzeak ez duela ekarri aldaketa nabarmenik beste heriotza arrazoietan. Urteko lehen bost hilabeteetako datuak dira, baina joera argia erakusten dute: ez da hazkunde esanguratsurik izan beste heriotza arrazoietan, eta jaitsiera nabarmenik ere ez.