GERNIKAKO ESTATUTUA

Espetxe eskumena eskualdatzeko zirriborro bat adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan.

Carolina Darias eta Josu Erkoreka, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 30a
18:25
Entzun

1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.

Gaur, Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi du bi gobernuek «bultzada handia» eman diotela eskumen hori eskualdatzeko prozesuari, alderdi nagusiak zehazten dituen zirriborro bat adostu dutelako. «Horrek agerian utzi du Espainiako Gobernuaren konpromisoa transferentzia hau gauzatzeko», erantsi du Jaurlaritzak.

Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Carolina Darias ari dira gaiaz hizketan, eta, Jaurlaritzaren arabera, aurrerantean negoziazioaren ardatza izango da zehaztea zeintzuk izango diren Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen zereginak eta zerbitzuak, «baita instalazioen eta giza baliabideen baldintzak, eskubideak eta betebeharrak ere. Espetxeen antolaketa eta kudeaketa, zigorren betetzearen kudeaketa eta jarraipena eta presoen tratamendu eta sailkapen programak nola egin aztertuko dute bi aldeek».

Horrez gain, presoen artean gizarte eta lan arloa, gizarte ekintza, hezkuntza eta trebakuntza, eta prebentzioa eta droga mendekotasunak errehabilitatzeko bideak aztertuko dituzte. Bestalde, Espainiako Estatuak espetxe legeriaren exekuzioa beretzat gordetzen jarraituko du, «koordinazio neurriak ahalbidetuko badira ere».

Transferentzien egutegiko lehen blokean daude, besteak beste, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.