Lehenengo kolpea Gasteizko Mercedesen, eta «oporraldia hasi behar zuten egun berean», sindikatuek salatu dutenez. 22 behargini iritsi zaie kaleratze agindua. Denak azpikontratutako Ceva Logistic enpresakoak dira, eta lan kontratu finkoa zuten harekin. Erabakiak eta hori jakinarazteko moduak haserretu egin ditu sindikatuak, eta greba egun batera deitu dituzte Arabako hiriburuko plantako langile guztiak, urtarrilaren 5erako, oporren osteko lehen lan egunerako. Gasteizko lantegian azpikontratuta dauden behargin gehienak Cevarekin dute lan kontratua: guztira 200 langile ditu enpresak horrek Gasteizko lantegian. Hortaz, hango lantaldearen %9 kaleratuko du. Sindikatuek ez dute baztertzen azkenean gehiago izatea.
ELAk, UGTk eta CCOOk komunikabideetara bidalitako ohar batean salatu dutenez, enpresa hori egungo egoera baliatzen ari da langileen lan baldintzak okertzeko. «Planifikatuta dagoen erabaki bat da. Cevan ezarri nahi den politika prekarioaren adibide bat dira kaleratze hauek. Lantalde finkoaren zati handi bat kaleratu nahi dute eta, horrekin batera, behin-behinekotasuna, aldi baterako lan enpresen bidezko kontratuak eta lan ezegonkortasuna handitu nahi dituzte».
Azpikontratatutako enpresak «produkzioaren jaitsiera» eta Mercedesen lan txanden antolakuntza berria argudiatu ditu erabakia hartzeko. Auto ekoizleak erabaki du hiru txandako sistema 2,5ekoa bihurtzea. Sindikatuek salatu dute haiekin negoziatu gabe hartu duela erabakia Mercedesek.
500 lanpostu kolokan
Zuzendaritzak aurreko astean berretsi zuen murrizketak egingo zituela Arabako lantegian, eta azpikontratatutako langileekin eta aldi baterakoekin hasiko zela. Guztira, 500 behargin kaleratu nahi ditu, egungo lantaldearen %10. Hego Euskal Herriko fabrikarik handiena da Mercedesek Arabako hiriburuan duena, Iruñeko Volkswagenekin batera.
Erabakiaren aurka manifestazioa egin zuten aurreko ostiralean Gasteizen, sindikatuek deituta. Mercedeseko beharginak ez ezik, Alemaniako auto ekoizlearentzat lan egiten duten enpresa hornitzaileetan aritzen direnek ere parte hartu zuten, horietan ere espero dituztelako kaleratzeak: %15 inguru.