'Bateragune auzia'

Hainbat legelarik «harrigarria» deritzote epaiketa errepikatzeko erabakiari

Euskal Herriko eta Kataluniako 310 bat abokatuk uste dute inor ezin dela berriro epaitu kondena jaso duen egitate berberengatik.

Ezkerretik, Santxo, Goirigolzarri eta Isasmendi, Bilbon. ARITZ LOIOLA
gotzon hermosilla
2020ko abenduaren 22a
13:30
Entzun

Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat legelarik Bateragune auzia eta Espainiako Auzitegi Gorenak horren epaiketa berriro egiteko agindu izana salatu dute. Non bis in idem (latinez, «berberagatik birritan ez») izeneko agiri baten bitartez egin dute, eta modu berezia aukeratu dute agiria aurkezteko: euskal abokatuek Bilbon agerraldia egiten zuten bitartean, aldi berean beste agerraldi bat egin dute legelari katalanek Bartzelonan. Agirian, abokatuek «kezka eta harridura» agertu dituzte Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurrean.

Bilbokoan, Iñigo Santxo abokatuak egin ditu aurkezpen lanak, eta Amaia Goirigolzarrik eta Arantza Isasmendik irakurri dute agiria. Esan dutenez, «harrituta» hartu dute epaiketa berriro egiteko erabakia, «[Estrasburgoko] Giza Eskubideen Auzitegiak babes judizialaren gabezia zehaztu izanak inoiz ez baitu ekarri akusazio prozesu bat errepikatzea».

Abokatuek gogora ekarri dute Bateragune auzian zigortuak izan zirenek aurkeztu zutela helegitea Estrasburgoko Auzitegian, eta Auzitegi horrek helegitea aintzat hartu eta arrazoia eman diela. «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da errekurtsogileen aurka bihurtu», azaldu dute.

Diotenez, Estrasburgoko epaia betearazteak «aldeko ondorioak» izan behar ditu auzialdi honetan irabazi duenarentzat, eta Auzitegi Gorenak aplikatu nahi duen araua, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Hitzarmenaren 7. protokoloa, aplikatuz gero, kontrakoa gertatuko litzateke. Gainera, gogorarazi dute arau hori 2009ko abenduaren 1ean sartu zela indarrean, eta Bateragune auzian epaitutakoak bi hilabete lehenago atxilotu zituztela, urriaren 13an; hortaz, ezin zaie arau hori ezarri.

Legelariek uste dute auzi honetan Gorena interpretazio juridikoa aldatzen ari dela «araua aplikatu behar den subjektuaren arabera», eta hori «berdintasun printzipioaren eta benetako babes judizialaren» aurkakoa dela guztiz. Gogorarazi dute inor ezin dela epaitua izan «jadanik kondena jaso duen egitate berberengatik».

Hori dela eta, «kezka» azaldu dute «jurisdikzio potestatea pertsona jakin batzuei begira modu berezian» aplikatzen ari dela uste dutelako, eta, horren aurrean, eskaera egin diote komunitate juridikoari eta Espainiako eta Europako agintariei: «pertsona guztien oinarrizko eskubide guztiak, izaera prozesalekoak barne, berma daitezela, arrazoi ideologikoengatik bereizketarik egin gabe»Â.

Bateragune auziaz gain, Gonzalo Boye abokatuaren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean irekitako auzibidea ere aipatu dute Euskal Herriko eta Kataluniako abokatuek; esan dutenez, auzibide hori «aurkari politikoa suntsitzeko lawfare edo gerra juridikoaren erabileraren beste adibide bat» da.

Bateraguneak bateratuta

Katalunian, Nuria Sanchez March, Eva Pous i Calvet eta Jaume Alonso-Cuevillas abokatuek irakurri dute agiria. Ezohiko irudia eman dute hiru eledunek: izan ere, Alonso-Cuevillas JxC Junts Per Catalunyako diputatua da Espainiako Kongresuan, Sanchez March ERCren Justizia Idazkaritzako kidea da, eta Pous Alerta Solidaria taldeko abokatua eta CUPeko kidea da. Azken bolada honetan ez da oso ohikoa Kataluniako hiru indar independentisten ordezkariak elkarrekin agertzea auzi baten inguruan, are gutxiago hauteskundeak laster izango direla kontuan izanda, baina Bateragune auziaren salaketak lortu du hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.