Aitor Etxarte euskaltzalea 63 urte zituela eraman du koronabirusak gaur, azken egunak ZIUn igaro ondoren. Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen, 1956. urtean, ama hangoa zuelako, baina Iruñeari loturik bizi izan da beti, Merced kaleari, hain zuzen ere.
Filosofia eta Hezkuntza zientziak ikasketak egin zituen, Bartzelonan. Horiek amaitu, eta buru-belarri sartu zen Iruñeko udal ikastolen sorreran. Trantsizio betean sortu zen udal ikastola, eta 1978ko urtarrilaren 9an, lehen eskolak eman zizkien 145 haurri Gazteluko plazako lokal batean. Hasieratik izan zen Etxarte egitasmo haren bultzatzaile. Hiru urtez, ikastolak ez zuen toki egonkorrik eta hainbat aldiz aldatu zuten lekua, harik eta 1981ean, Arrosadia auzoan, Hegoaldeko egoitza topatu arte. «Urte haietan iragandako toki guztien artean Seminarioarekin dute oroitzapen onena ikasleek, nahiz eta toki desegokiena izan: Hotza pasatzen genuen, ez zegoen arbelik, ikasgelako ateak kristalak hautsita zituen, baina toki zoragarria zen. Frontoiak zituen eta txabolak egiteko edo ezkutatzeko belardi ugari», deskribatu zuen Etxartek Ze Berri aldizkarian ikastolen sorrerako 25. urteurrenean, 2002an.
41 urte egin zituen irakaskuntzan, irakasle eta Hegoalde ikastolako zuzendari. Ikasle ohiek nabarmendu izan dute irakasle izateko bokazioak bizi zuela eta sutsua zela. Irakaskuntza berritzeko ikerketan aritu zen, eta irakasleen irakasle. Iragan legealdian Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari izan zen, 2015etik 2019ra arte, erretiroa hartu arte. Karguan, Berria-ri eskainitako elkarrizketan, eskola porrota murriztea, inbertsioak handitzea eta ikasleen arteko arrakalak erauztea jarri zuen erronka nagusien artean. Beretzat, arrakala sozialak gainditzeko gai ziren ikastetxeak ziren kalitatean hoberenak: «Jaiotzatik ezarritako determinismoa apurtzeko gaitasuna dutenak dira ikastetxerik onenak».
IIruñerrian, euskalgintzako erreferente bat izan da. Karrikiri Iruñerriko euskaldunen elkarteko sortzaileetako bat izan da. Urte luzez, Euskalerria irratiko kolaboratzaile izanik, entzuleek faltan botako dituzte haren ahotsa eta haren gogoeta zorrotzak. Pasarteok islatzen dute pentsalari fina zela. Azken iritzia urriaren 23an plazaratu zuen.
«Daukadan onena, dakidan gehiena, bizitako ia dena, berari zor», idatzi du Twitterren Hedoi semeak. Idazle, musikaria eta itzultzailea da.
Aitor Etxarte Berezibar: Liga Komunista Iraultzaileko militantea, Iruñeko udal ikastolen sortzaileetakoa, Hegoaldeko zuzendaritza taldekoa, gentrifikazioaren kontrako asaldatzailea, proiektu txiki askotako bazkidea.
— Hedoi Etxarte (@hedoi_etxarte) December 18, 2020
Daukadan onena, dakidan gehiena, bizitako ia dena, berari zor. pic.twitter.com/SvF2y69LlS
Bien arteko harreman estuaren lekukotasuna eman zuen udan BERRIAk. Ahomentan elkarrizketa serietako baten protagonista izan ziren. Frankismoaren amaierako iraultzaren ametsak, hezkuntza, euskaldunen egoera Nafarroan eta mundua aldatzeko grinaz mintzatu zen pedagogoa. «Nafarroan Portugalen eredua izan dugu», esan zuen, besteak beste. «Egin dira aldaketa batzuk, baina puntu nagusiak ez dira zalantzan jarri».