«Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak». Bazebilen hotsa lehenagotik ere, eta orain konfirmatu egin du erabakia Bertsozale Elkarteak: atzeratu egingo dute 2021eko Bertso Txapelketa Nagusia. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ez dute txapelketa egin ahal izateko nahikoa berme ikusten, eta ez dute zehaztu noiz izango den. «Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu noiz egin».
Elkarteak gogoraratu duenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak nabarmen moteldu ditu bertsolaritzaren ohiko zirkuitua eta martxa. Bertan behera geratu dira bertso saio ugari, esaterako, eta eskolek ere zailtasunak dituzte «normaltasunez» aritzeko. Horrez gainera, txapelketak bildu ohi duen jendetza ere izan dute gogoan, eta, egungo osasun irizpideak kontuan hartuta, argudiatu dute «pentsaezina» bilakatu dela jende multzo hori biltzea. Parte hartzaileren bat gaixotzeko arriskua ere badagoela esan dute, eta, beraz, horregatik guztiagatik hartu dute erabakia. «Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago».
Bestelako saioak
Hurrengo egunetan bertsolaritzaren plaza sustatzeko bestelako egitasmo bat aurkeztekoa da elkartea. Diotenez, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarraitzeko asmoa dute datorren urtean ere, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman oraingoz.
Aurten hartutako beste erabaki batzuek iragarria zuten, nolabait, elkarteak jakinarazi berri duen behin-behineko etenaldia. Udazkenean, esaterako, Bizkaiko Bertso Txapelketarako lehen fasea egin ostean, saio gehiagorik ez egitea erabaki zuten, eta eten egin zuten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa ere, egoera nabarmen zaildu zutelako Parisko gobernuak egindako osasun neurri aldaketek. Eta duela aste batzuk eman zuten 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak atzeratzeko erabakiaren berri ere. Lurraldekako txapelketekin hartutako erabaki bera hartu dute orain Txapelketa Nagusirako ere.