Gazta

Sei gazta berri aurkeztu dituzte, Eusko Label esnearekin ekoiztutakoak

Euskal Gaztak egitasmoa sortu dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren beste barietate batzuk bultzatzeko. 18.000 kilo produzitu dituzte aurten.

Zapore eta testura desberdinetako gaztak sartuko dira egitasmoan. IREKIA
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 14a
17:48
Entzun

Idiazabal sor-markatik haragoko gaztei bultzada bat eman nahi diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak Euskal Gaztak deituriko egitasmoa jarri du martxan, eta, horren bitartez, beste sei barietate lagunduko ditu. Eusko Label etiketa duen esnearekin ekoitzitako produktu gisa bultzatuko ditu: hori izango da seien ezaugarri komuna.

Ez dira berri-berriak, baina kontsumitzaile askok ez dituzte ezagutzen edo ez dakite Euskal Herrian ere halakoak produzitzen direnik, kasu askotan merkaturatzeko izaten dituzten zailtasunengatik. Gabezia horri irtenbide bat eman nahi diote Euskal Gaztak egitasmoarekin. «Ekoizleei tresna bat eskaini nahi diegu euren produktuak merkatura ahalik eta balorizatuen iristea lortzeko», adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, egitasmoaren aurkezpenean. 

Honako hauek dira sei barietateak: Fraisoro, behi gazta tradizionala; Otzara, antzinako artisau teknika errespetatzen duen ardi gazta; Saroi, ardi, ahuntz eta behi esnea nahasten dituena; Latxa Urdina edo gazta urdina; Txuria, azalik gabeko gazta freskoa; eta Auntzai, aske hazitako ahuntzen esnearekin eginiko gazta.

Prestakuntza

Egitasmoa gauzatu ahal izateko, 75 ekoizlek prestakuntza jaso dute 2019tik. Aurten, gainera, Eusko Labeldun esnea egiteko 142 ustiategi berri erregistratu dituzte, eta barietate ezberdinetako 18.000 kilo gazta egin dituzte, 140.000 litro esne inguru erabilita. Gaztak merkatuetan, azoketan, gertuko saltokietan eta saltoki handietan erosi ahal izango dira. Etiketan Eusko Label esnearekin eginda daudela erakutsiko duen irudi bat eramango dute, marka komertzialarekin batera.

Urrian antzeko egitasmo bat aurkeztu zuten, Euskal Ogia deiturikoa; kasu horretan, Arabako gariarekin eginiko produktuentzat. Kategoria bera dute txerri eta behi okela labeldunarekin produzitutako jakiek. Gazten kasuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrak du sor-marka: Idiazabalgoak. Euskal Herrian beste bik dute etiketa hori: Erronkarikoak eta Iratikoak. 

Barietateak

Fraisoro. Behi esnearekin egindakoa. Fraisoro nekazaritza eskolan (Zizurkil, Gipuzkoa) sortua, XIX. mendean. Urteko sasoi bakoitzeko esnerik onenarekin egiten da, eta elaborazio prozesu konplexua du; horri esker, esne gainaren antzeko testura duen pasta bat lortzen da.

Otzara. Zumezko saskietan ondutako ardi gazta. Saskiko gazta ere esaten zaio. Formatu txikikoa, egitura samurrekoa eta aurpegi horixka duena.

Saroi. Euskal gaztarik zaharrena dela esan ohi da. Gazta biguna da, leuna, gurin ukitu bat duena eta neurri handikoa. Nahasketa da, zenbait abereren esnearekin egindakoa: behia, ardia, ahuntza...

Latxa Urdina. Ardi latxaren esnearekin egindakoa. Nortasun handikoa. Intentsitatea, gehiegizkoa izan gabe, ahoan mantentzen da denbora batez. Kozinatzeko ere erabiltzen da.

Txuria. Osagai bakarrak esnea, ura eta gatza dira. Gazta arina eta besteak baino kaloria gutxiagokoa. Azalik gabekoa da; ez dago prentsatuta, ezta gatzatuta ere.
Auntzai. Zapore eta usain biziko gazta, libre bizi diren ahuntzen esnea onduz egindakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.