Literatura

Aleksandra Kollontairen ‘Erle langileen amodioak’ euskaratu dute

Aroa Uhartek itzuli ditu liburuak biltzen dituen hiru narrazioak, errusieratik zuzenean. Errusiako Iraultzaren testuingurua agerikoa den arren, hizpide ditu kontu pribatuak ere: besteak beste, harremanak eta amatasuna. Errusieratik itzulitako lehen emakumea da Literatura Unibertsala bilduman.

Aleksandra Kollontairen 'Erle langileen amodioak' aurkeztu dute goizean, Donostian. FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko abenduaren 14a
13:08
Entzun

Lermontov, Dostoievski, Pushkin, Txekhov, Gogol, Andreiev... horien eta beste hainbat errusiar idazleren obrak argitaratu dituzte Literatura Unibertsala bilduman. Hortaz, Errusiakoa ez da sistema ezezaguna euskal literaturarentzat, baina ez da guztiz ezaguna ere. Izan ere, gizonezkoak baino ez dira itzuliak izan errusieratik Erein eta Igela argitaletxeek EIZIErekin batera publikatzen duten bilduman. Hala azpimarratu du argitaletxeetako ordezkari Lander Majuelok, autoreen zerrenda aletu eta berehala. Orain, gabeziari lehen adabakia ipini diote: Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak narrazio liburua argitaratu berri dute, Aroa Uhartek errusieratik zuzenean eginiko itzulpenean.

«Ez da nolanahikoa» euskal literaturak bereganatu berri duen emakumea, ezta haren istorioak ere, Majuelok aldarrikatu duenez. Izan ere, biografia «osoa» izan zuela nabarmendu du argitaletxeetako ordezkariak: «Garrantzitsua izan zen 1917ko iraultzan. Haren bizitzak argi adierazten ditu XX. mendeko gorabehera guztiak». Lehen lerrotik bizi izan zituen, gainera, iragan mendeko lehen hamarkadak: munduko lehen emakumezko ministroa izan zen, eta enbaxadore ibili zen 30 urtez. Jomuga eta lorpen izan zituen, besteak beste, abortuaren legeztatzea eta nekazarien hezkuntza plana, eta, 1920ko hamarkadan haren liburu teoriko zein fikziozkoek arrakasta izan arren, hurrengo hamarkadetan ez-fikzioan eginiko lanagatik izan zen bereziki ezaguna, Aroa Uharte itzultzaileak nabarmendu duenez. Hala ere, orobat egurtu zituzten kritikariek ez-fikzioaren zein fikzioaren esparruan eginiko lanak, sarritan arrazoi moralak tarteko: «Baztertua izan zen politikoki, feminista izateagatik, eta baita literaturaren eremuan ere. Sentimentalismoa eta efektu melodramatikoetarako joera egotzi zioten».

Garai hartako testuinguru soziopolitikoak narrazioak blaitzen dituen arren, esparru pribatura zuzentzen du soa bereziki Kollontaik, baita barneko mundura ere, Uhartek dioenez: «Marxismoaren ikuspegi feminista landu zuen, eta literatur lanetan beste alderdi batzuk jorratu zituen: amatasuna, harremanak edota emakumeen autonomia eta sexualitatea, besteak beste». Ondorioz, duela ehun urte ondutako narrazioak izanik ere, hainbat ertz ezagun egingo zaizkio irakurleari: «Gaur egungo kezkekin lotuta dago: pertsonala politikoa dela adierazten du». Protagonistak «iraultza egiteko lanetan murgildutako» emakumeak dira, eta «ilusioa» nabari zaie borroka politikorako, baina lan politikoa etxeko egoerarekin uztartzen dute. Garai «aldakor» baten erretratua agertzen du Kollontaik, horrenbestez, gizarteko hainbat geruzetan gertatzen ari dena, ordea.

Hala ere, narrazioek ez dute mitinaren molderik, Uhartek ñabartu duenez. Pertsonaien bitartez transmititzen ditu Kollontaik garai hartako buruhausteak, baina horrek ez du baldintzatzen haien sakontasuna, ez baitira «karikatura itxiak». Epai kategorikoak baino gehiago, duda eragiten die egoerak protagonistei: «Narrazioen bukaeran zalantzaz beteriko begirada bat botatzen dio Kollontaik aurrera begirakoari, baina baikortasunez zipriztinduta dago».

Konpromiso formala

Argi dago literaturan ere agertu zuela diplomatikari gisa izandako konpromisoa, baina edukiaz gain forman ere eragin zuen Kollontairen ideologiak, autore guztietan gertatzen den bezala, bestalde. Idazleak ulergarritasuna du xede, eta, hortaz, «estilo sinplea, eskematikoa batzuetan» erabiltzen du Kollontaik euskaratu berri diren narrazioetan. Errusiako literaturak historikoki izandako «gizarte eragile» funtzioari jarraitzen dio autoreak: «Literatura tresna bat zen Kollontairentzat, emakume langileengana eta nekazari alfabetatu berriengana hurbiltzeko». Helburu sozialak erdiesteaz landa, molde tradizionalek erabat ardazten dituzte narrazioak, orduko abangoardiek bainoago: «XIX. mendeko tradizio literarioari jarraitzen dio gehiago XX. mendeko futurismoari baino».

Aditzaren denboraz ere baliatu zen hartzailearengana are gehiago hurbiltze aldera, eta horretan ere tradiziora jo zuen: izan ere, Errusiako literaturan pisu nabarmena izan duen ahozkotasunaren moldea dago aditzak orainaldian erabiltzearen oinarrian. Ezaugarri honetan bat egiten dute nonbait errusiar eta euskal literatur tradizioek, Uhartek azaldu duenez: «Euskal literaturan ere orainaldian kontatzeko tradizioa dago, irakurlea hurbiltzeko balio duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.