Auzitegiak

Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi kontseilariaren aurka

Esparzak Aierdi kargutik kentzeko eskatu du. Gobernuak erantzun du Gorenak Aierdi ikertzea erabakiz gero kontseilari izateari utziko diola.

Manu Aierdi, agerraldi batean. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2020ko abenduaren 14a
11:11
Entzun

Iragan legealdiaren hasieran, 2015eko udazkenean, Sodena Nafarroako arrisku kapitaleko sozietate publikoak milioi bat euroko mailegua eman zion Davalor enpresari. Enpresa larri zebilen, baina inbertitzaile bat bilatuz gero potentzialitate handia zuelakoan, beste 1,6 milioi euro eman zizkion maileguan 2017ra bitartean. Haatik, Davalorrek hartzekodunen konkurtsoan amaitu zuen azkenean.

UPNk irregulartasunez aritzea egotzi zion orduko Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Garapen Ekonomikoko kontseilariari —departamendu horretako kontseilari da orain ere—. Salaketa auzitara eraman, eta Espainiako Auzitegi Gorenak auzibidea ireki du. Prebarikazioa egitea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dio UPNk, eta Gorenak Andres Palomo del Arco magistratua izendatu du hori ikertzeko.

Aierdik oraingoz ez du adierazpen publikorik egiteko asmorik. «Harridura handiz» hartu du albistea, eta komunikabideen bitartez izan du Gorenaren erabakiaren berri. Ez du bestelako jakinarazpen ofizilik jaso. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazi du egoera aztertzen ari direla.

Goreneko bigarren salak deritzo UPNk ekainaren 2an aurkeztutako salaketaren behin-behineko lehen balorazioan egon daitezkeela salaketak aipatutako delituaren zantzu nagusiak. Aierdi, gobernuko kontseilari denez, foruduna da. UPNren kereilak dio Sodenaren barne kontroleko prozedurak errespetatu gabe baimendu zela 2015eko irailean Sodenari emandako lehen mailegua. Halaber, gaineratu dute Davalorrek aurkeztu gabe zituela bere kontuak, eta eguneratu gabe Gizarte Segurantzarekiko zorra, eta, hala ere, beste bost mailegu eman zitzaizkiola.

Goizean, Navarra Sumako Javier Esparzak Aierdi kargutik kentzeko eskatu dio Maria Txibite gobernuko lehendakariari. 14/2004 foru legeko 68. artikuluaren arabera, auzitegi batek auto batean arduradun politiko bat ikertu gisa badauka eta Zigor Kodeko hainbat delituren zantzuak identikatzen baditu, politikari horren kargua ez da bateragarri emandako konfiantzarekin. «Ez da posible gobernuak onartutako lege bati izkin egitea». Esparzaren arabera, Txibiteren betebeharra da Aierdi kargutik kentzea. 

Nafarroako Gobernuaren oharra

Foru lege horretako 68. artikulua zehatza den heinean, arratsaldean kaleratutako oharrean, gobernuak erantzun du Auzitegi Gorenak ikertu gisa hartuz gero, Aierdik kontseilari izateari utziko diola. Nafarroako Gobernuaren prentsa oharraren arabera, auzitegiak epaile instruktorea izendatu du eta auzia bere gain hartu du. Gobernuaren arabera, oraindik ez du kereila tramitera onartu, eta instruktoreak hartzen duen erabakiaren zain geratuko da. Epaile instruktoreak Aierdi ikertzea erabakiko balu, beraz, gobernua utzi beharko luke.

Dena den, oraindik ez du urrats hori egin. Goizean, PSNko Ramon Alzorriz zuhur mintzatu da, eta esan du albistea jakin berri dutela. Haren ustez, auzitegiak argitu beharko du auzia, eta ohartarazi du auzibidea abiapuntuan baino ez dagoela orain. 

Geroa Baiko Uxue Barkosek konfiantza agertu du Gorenak zalantza oro argituko dituela. Gogorarazi du UPNk aurkeztutako salaketa bat duela oinarri auziak. 

UPNren garaiko beste porrotak

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera ere, auzibidea hasiera-hasierako tramiteetan baino ez dago: «Tramiterako onartu izan da; prozedura barruko tramite bat da, eta goiz da ezer baloratzeko». Araizek gogora ekarri du Aierdik hainbat aldiz azalpenak eman dituela parlamentuan, eta orain hori bera Gorenean egitea egokituko zaiola. Dena den, zail egiten zaio kereilari buruzko ezer aztertzea haren edukia jakin gabe. Halaber, gogoeta bat egin du horrek jar dezakeen aurrekaria: "Sodenaren barruan, hainbat azterketa juridiko eta ekonomiko egin ziren Davalorri buruz, eta, orain, gertatu dena da emaitza negargarria izan dela altxor publikoarentzat. Beste batzuetan ere hori gertatu da, baina inork ez ditu arduradunak auzitara eraman. Garai egokia izan liteke UPNren garaian Sodenak huts egindako jarduerak berrikusteko, ez baitu inork azalpenik eman horregatik». 

Izan ere, nahiz eta auzia Gorenera iritsi den, ez da auzi berria Nafarroan. Iragan legealdian, Manu Aierdik hainbat bider eman zituen azalpenak. Parlamentuan ikerketa batzordea ere ireki zen Sodenaren inbertsioen inguruan. Aierdik, azalpen horietan, justifikatu zuen «potentzialitate handiko» apustua zela Davalor, eta, hasieratik enpresa gaizki zegoela jakin arren, horregatik jo zutela aurrera.

Davalorrek finantza egoera zaila izanagatik, Nafarroan lanpostu ugari sortzeko potentziala zuen, inbertitzaileak bilatzea lortuz gero, Aierdiren arabera. Haren ustez, arrisku kapitaleko sozietate gisa, estrategikoak diren sektoreetako enpresa hasiberriak eta egoera zailean direnak laguntzen ditu. Davalorren kasuan, ezohiko proiektua zelako babestu zuten. «Horrelako gutxi daude Nafarroan», azaldu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.