«Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, agindu ziguten identifikatu eta miatu egingo gintuztela Trinititate plazan ginen gazte guztiak, isuna jartzeko asmoarekin». Hala azaldu zuten Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideek nola hasi ziren larunbat iluntzeko istiluak, atzo deitutako prentsaurrekoan. Polizia gogor oldartu zen larunbat gauean, eta hainbat gazte identifikatu zituen.
Gazte Asanbladako kideek argi dute Ertzaintzak ez zuela jendea identifikatzeko arrazoirik: «Jarrera onartezin hori ikusita, plazatik irteten hasi ginen, eta orduan oldartu zitzaizkigun; jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen hasi ziren». Ertzaintzaren arabera, jende pilaketak zeuden ordu hartan Parte Zaharrean —tabernak itxi ostean izan zen—, eta gazteak kale zurrutean ari ziren. Gazteek, ordea, ukatu egin dute hori: «Argi diogu: ez zegoen ez jende pilaketarik, ez kale zurrutik, eta ez genion inoiz eraso Poliziari». Trinitate plazan 40 gazte inguru zeuden.
Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta ertzainek han identifikatu zituzten hainbat gazte; besteak beste, Poliziaren jarduna grabatzeagatik. Asanbladaren iritziz, «gazteen kriminalizazioaren beste adibide bat» da larunbatean jazotakoa, eta manipulazio mediatikoa egitea egotzi diete hainbat komunikabideri. Ertzaintza atzoko prentsaurrekora ere agertu zen, baina gazte bat identifikatu eta alde egin zuten.
Publiko egin diren irudi eta bideoen bidez, manipulazio mediatikoa eta poliziaren bortizkeria agerian gelditzen dira...#AuzoakDefendatu#ErrepresioariEZpic.twitter.com/sjI8fwD3LQ
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) December 13, 2020
Gertatutakoa salatzeko, gaur manifestazioa egingo dute Donostian, 20:00etan, Konstituzio plazatik abiatuta. Auzoak defendatu, errepresioari ez! da deialdiaren leloa.