Literatura

John Le Carre hil da, espioitza nobelen maisua

Suspensearen generoan izen handia izan da harena. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan lan egin zuen iragan mendearen erdialdean, eta misteriozko trametan ardaztutako lan enblematiko asko idatzi ditu; euskarara ekarritako 'Hotzetatik etorri zen espia', besteak beste.

John Le Carre idazle britainiarra, urtarrileko irudi batean, Suedian. CLAUDIO BRESCIANI / EFE
itziar ugarte irizar
2020ko abenduaren 14a
09:56
Entzun

David John Moore Cornwell zen sortze izenez, baina John le Carre deitura moldatuarekin egin zen ezagun espioitza nobelen eremua bizkor bere egingo zuen idazlea. Genero beltzak arrakasta handia zuen garai batean agertu zen literatur munduan, 1960ko eta 1970eko urteetan, eta Gerra Hotzaren garaiko tentsioan girotu zituen estreinako obrak. Testuinguru globalari beti adi, hasi zenetik ez zion inoiz utzi idazteari, beti genero beltzaren barruko espioitzaren adarrean, eta bizi-bizirik zegoen klasikotzat eduki dute askok azkeneraino. Asteburuan hil da, pneumoniak jota, 89 urterekin.

Eleberrietan agertzen zuen misterio aire antzeko batek ere bildu zuen haren bizitza maiz: 1931n jaio zen, Poolen, etxe giro bortitz batean; Bernako eta Oxfordeko unibertsitateetan ikasi zuen, eta, Etongo ikastetxe kontserbadore ingelesean irakasle lanetan zebilela, zerbitzu sekretuetan aritzeko gonbidapena jaso zuen. Burdinazko Errezelaren mendebaldeko aldera erakarritako espioiak atxiki eta hezten zituen Londresko bulego txiki batetik. Hor hasi zen, hain justu, espioien mundua paper gainean ere birsortzen.

Lehen nobelarekin aurkeztu zion irakurleari bere pertsonaien artean ezagunena bihurtuko zen agentea, George Smiley. Call for the Dead (Heriotzari deia) zen nobela, 1961ean emana, eta han azaldu zen aurrenekoz Smiley, Karla deituriko agente sobietarraren etsai zuzena, azkarra, metodikoa, berezia janzkeraz eta berezia gorpuzkeraz.

The Spy Who Came From the Cold (1963), Tinker Tailor Soldier Spy (1974), The Honourable Schoolboy (1977) eta Smiley's People (1979) izan ziren hastapenetan plazaratu zituen eleberri esanguratsuenetakoak, zeinetan espioi jokoak ordura arte inor gutxik bezala kontatu zituen. Gerra Hotzaren bukaerak, ordea, gaitegia zabaltzera eta gaurkotzera bultzatu zuen. Orduan hasi zen nazioarteko errealitatearen konplexutasuna erakusten duten auzi berriei ere leku egiten, izan terrorismo islamikoa, Sobietar Batasunaren desegiteak utzitako problematika, AEBen politika inperialistak, farmazia industrien trikimailuak... Asko ikertzen zuen idatzi aurretik, eta ez zion izkin egiten kritikoak hainbeste asaldatzen zituen jarrera moral bati.

Hizkuntza askotara itzuli dira haren nobelak —euskarara Hotzetatik etorri zen espia ekarri zuen Koro Navarrok, 1989an—, eta baita zinemaratu ere. Hor dira, esaterako, The Looking Glass War (Frank Pierson, 1969), The Russia House (Fres Schepisi, 1990), The Tailor of Panama (John Boorman, 2001), The Constant Gardener (Fernando Meirelles, 2005) eta A Most Wanted Man (Anton Corbijin, 2014) filmak, besteak beste.

Le Carre ez zen literatur sari eta aipamen berezien zalea, eta sarritan egin zien uko, baita izendapen hutsei ere. Hala ere, zenbait instituziok haren obra aitortuz segitu dute beti; 2011n Goethe Domina eman zioten, adibidez. Espioien generoa goi mailako literaturara eraman izana aitortu izan dio, halaber, letren munduak. "Philip Rothek sinatu izan balu, maisulantzat hartuko zuketen", idatzi zuen Belen Gopeguik, esaterako, 1983ko The Little Drummer Girl (Danborra jotzen zuen neska) gogoan. Boterearen mekanismoetan murgil egin, etikaren mugetara irten, hizkera zehatz eta jori bat landu, eta, tesi irmoetatik urrun, ikuspuntu ugariri leku egiten baitzion. Askoren ustetan, mundu inmoral batean moralak izaten segitzeko gizakiak egiten duen ahalegina izan da haren literaturako gai handia.

Benetako enigma

"Ez dut hantuste izan nahi, baina idazle batek enigma bakar bat dauka eta hori bere bizitza da. Nire aita kriminal bat zen, eta horrekin hazi nintzen. Eta, bai, zerbitzu sekretuetan egon nintzen. Inoiz ez nukeen sasoi hartakorik kontatuko; horregatik ez ditut nire memoriak idazten". Argentinako La Nación agerkarian esan zituen hitzok idazleak, baina, azkenean, idatzi eta argitara ere eman zituen memoriak.

Bere nobelek milioika ale saldu eta arrakasta handituahala, esparru publikotik urrats bat atzera eginez joan zen idazlea azken hamarkadetan, irakurlearengan jakin-mina areagotuz. Horregatik sortu zuen halako interesa azkenean 2016an emandako memoria liburuak, The Pigeon Tunnel: Stories from My Life (Pigeon tunela: Nire bizitzako istorioak) izenpean. Ordurako jakina zen bere herrialdeko zerbitzu sekretuetan parte hartua zela, baina beti jokatu zuen ñabartzera horren inguruan askok eraiki zituzten usteak. Honela irakur zitekeen bere webgunean: «Garai batean, ondo zetorren ni idazle bilakatutako espioitzat jotzea. Baina ni ez nintzen horrelakoa, ezta antzekoa ere. Oso gaztetan Britainiar Inteligentzian denboraldi labur baina prestakuntzaren aldetik izugarri probetxugarria eman zuen idazle bat naiz».

Haurtzarokoak eta batez ere aitari lotutako alderdi minberak ere kontatu zituen idazleak liburuan. Ronnie izeneko gizon bat zuen aita, hala semeaz nola emazteaz abusatu zuena eta hainbat bider espetxeratua izan zena. Idazlearen amak ihes egin zuen azkenean, hark 5 urte baino ez zituenean. "Ronniek jipoiren bat eman zidan, baina inoiz gutxi, eta konbikzio eskasarekin. Modua zen gehien izutzen ninduena, behera etortzeko haren modu hura, sorbaldak eta lekutik ateratako masailezurra prest uzteko modua", idatziko zuen.

XX. mendearen bigarren erdialdeko geopolitikaren kronikatzat ere irakurri zuten askok liburua, garai hura definitu zuten askoren errepasoa egin baitzuen: Margaret Thatcher, Yasser Arafat, Richard Burton eta beste. Esan ohi zuenez, George W. Bushek abiatutako "horrorearen kontrako gerrak" erabat ikaratu zuen mende berriaren hasieran, ustezko arma kimikoen mehatxuaren aitzakian AEBek abiatutako politikek. "Hainbeste dira eta horren etengabeak zabaldu diren gezurrak, oraintxe begi bistan gelditu da fikzioa dela egia kontatzeko era bakarra".

Azken urte luzeak Kornuallesko kostako etxera erretiratuta egin zituen Le Carrek, non idazten jarraitu zuen beti. 2017an Smiley agentea berreskuratu zuen A Legacy of Spies nobelan (Espioien legatua), eta iaz eman zuen azkena: Agent Running In The Field (Agentea larrean lasterka).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.