Gaur eguerdian jokatu dute Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko lehen finala, Bilbo Arenan. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jon Irazu eta Eneko Otaño aritu dira nor baino nor gehiago. Vicente zen faborito, iazko Euskal Herriko txapelduna zenez gero, eta guztiz bete ditu pronostikoak. Launa kana-erdiko (54 ontzako enborra), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoa) ebaki behar izan dituzte.
Lan erdietara iristerako, agerian geratu da txapelketa Vicenteren eta Larrañagaren arteko lehiatik aterako zela, lehenak segundo gutxiko aldea izanik. Atzetik, Otaño hirugarren postuan, eta Irazu eta Txikia IV.a laugarren lekuagatik borrokan. Atutxa II.a, berriz, urrun.
Hala, lehia ez da hautsi bedertzigarren egurrera iritsi arte. Larrañagak ordurako ordaindu du eginiko ahalegina, eta Iker Vicentek tarte erabakigarria ireki du. Aldea mantendu bakarrik ez: areagotu ere egin du azken hiru egurretan. Denera, 38:48 minutuan egin ditu lanak. Larrañagak handik 1:15 minutura amaitu du, bigarren; Otaño izan da hirugarren.
Promozio mailan, Julen Larrea Larrea III.a izan da onena.
Iker Vicentek jantzi du Sherpa. Ai aizkolari lehiaketako txapela. Lagun berezi batek eman dio, euskaraz zoriontzearekin bat. pic.twitter.com/r5P4OGHpNl
— J. Ander De la Hoz (@delarregi) December 13, 2020