AEBetako Auzitegi Gorenak azken kolpea eman die Donald Trumpen asmoei. Uko egin dio azaroaren 3ko bozen zenbaketa baliogabetzearen alde jarritako salaketa aztertzeari. Texasko fiskal nagusi Ken Paxtonek egin zuen eskaera, AEBetako presidentearen babesarekin, eta hauteskundeen emaitza iraultzea zuen asmo.
Gorenaren esanetan, Paxtonek ez du «judizialki atzeman daitekeen» akatsik frogatu «beste estatu batzuek bozak egin zituzten moduaren inguruan». Horrez gain, gainerako mozioak «hutsaltzat» jo ditu auzitegiak, eta, ondorioz, baztertu. Auzitegi Goreneko sala bederatzi epailek osatzen dute: sei kontserbadore eta hiru progresista. Gainera, horietatik hiru — Neil Gorsuch, Brett Kavanaugh eta Amy Coney Barrett— Trumpek berak babestuak izan dira kargua eskuratzeko. Hirurek bizkar eman diote, ordea. Presidentearen defentsan agertu diren bakarrak Samuel Alito eta Clarence Thomas epaileak —horiek ere kontserbadoreak— izan dira. Salaketa onartzearen aldekoak zirela adierazi dute horiek.
Paxtonek Georgiako, Pennsylvaniako, Michigango eta Wisconsingo emaitzak bertan behera uzteko eskatu zuen, datorren astelehenean Hauteskunde Batzordeak Joe Biden hautagai demokrataren garaipena baieztatu aurretik. Fiskalaren esanetan, estatu horietako gobernadoreek COVID-19ak eragindako pandemia baliatu zuten hauteskunde legedia aldatzeko «aitzakia» gisa, posta bidezko boto kopuru handiago bat onartzeko.
Lau estatu horietako emaitzek 62 konpromisario eman zizkioten Bidenen hautagaitzari. Hala, demokratak 306 eskuratu zituen; eta Trumpek, berriz, 232. Etxe Zurira iristeko 270 behar direla kontuan izanik, Paxtonek argudiatu zuen balizko iruzur bat topatzeak emaitza iraul zezakeela.
Trumpek bere porrota onartu gabe jarraitzen du. Auzitegi Gorenaren ebazpena argitaratu aurretik, presidenteak adierazi zuen Gorenak «jakituria eta ausardia» erakusten bazuen, «AEBetako herriak historiako kasurik garrantzitsuena irabaziko» zuela. Hau da, haren alde egingo zuela. Auzitegia mintzatu ostean, ez du hitz egiteko modua aldatu, eta Twitter bidez berretsi du bera dela bozen garailea: «Aise irabazi nituen hauteskundeak, baina gogoratu, legezko botoez bakarrik ari naiz». Hala, «iruzurra» egin zela azpimarratu du berriz ere, «denean mirariz agertu ziren» botoen bidez.