Alessandro Bariccok (Turin, Italia, 1958) 2002an argitaratu zuen Odolik gabe nobela laburra. Ordurako, aski ezaguna zen nazioartean, XX. mendeko azken hamarkadan argitaratu zituen Castelli di rabbia (Amorru gazteluak, 1991), Oceano mare (Ozeano itsasoa, 1993) eta, batez ere, Zeta (1996) liburuei esker. Azken horrek nazioarteko irakurleen eta kritikarien oniritzia ekarri zion: ia hogei hizkuntzatara itzuli dute, eta milioika ale saldu dituzte. Euskarara ere ekarrita dago: Koldo Bigurik itzuli zuen Zeta, eta Igela argitaletxeak kaleratu, 2001ean —martxoan berrargitaratuko dute, agortuta baitago—.p>
Bariccoren beste lan bat eman dute euskaraz orain: Fernando Reyk (Iruñea, 1961) euskaratu du Senza Sangue, eta Igelarekin eman, Odolik gabe izenburuarekin. Gaur aurkeztu dute itzulpena, Donostiako Udal Liburutegian. Kontrazalean, zortzi lerroko testu hau dakar liburuak: «Etxe ahul bat landaren erdian, aita batek eta bere bi seme-alabek eutsia. Hiru gizon gauez dakartzan auto bat, mendekua helburu. Sugarrak. Zergatik egin uko biolentziari, barkamena baino eraginkorragoa bada? Zaila da mozten bortxaren haria, gerra noiz bukatzen den irabazleak erabakitzen du».
Gerra, hortxe hitz gako bat nobelaren haria ulertzeko, gerra bat baitu ardatz, Reyk nabarmendu duenez: «Gerra zibil bat da nobela honen markoa, ez da oso ongi argitzen nongoa, eta muina da gerraren beraren izugarrikeriak eta ondorioak sufritzen ditugunean pizten zaizkigun sentimendu, jokabide eta jarrerak». Errealitatea eta mundu onirikoa nahasteko gaitasun handia erabiliz, itzultzailearen ustez.
Bigarren azpimarra egin du itzultzaileak: «Giza ariman zer dagoen aztertzeko pertsonaien bitartez egiten duen bilaketa etengabea nabarmenduko nuke. Ez ditu bere pertsonaiak epaitzen, marrazten baizik». Eta irakurleak 83 orrialde ditu marrazki hori dekodetzeko. «Nobela hau sakona bezain laburra da», izan ere. Eta laburtasunak badu abantaila bat: «Liburu honetan pertsonaiak eta tokiak ez daude oso zehaztuak, eta lan hori irakurleari uzten dio».
Bi atal, bi erritmop>
Lander Majuelo Igelako editoreak, berriz, Bariccoren idazkera soil eta eliptikoa azpimarratu du. Liburuaren egitura aipatu du segidan: forman, erritmoan eta kontakeran antz handirik ez duten bi atalez osatuta dago. «Atalok bi ipuin bereizi dirudite, nahiz eta elipsi erraldoi baten osteko istorio bereko bi une izan».
Lehendabiziko atala «ekintzarena» da, Reyren arabera, Far Westeko film batera sartzearen modukoa. «Oso laster gertatzen da dena, oso zinematografikoa da. Truman Capoteren Odol hotzean ekarri zidan gogora irakurtzean». Bigarren partean, berriz, lehen ataleko pertsonaiak 40 urte pasatu eta gero topatzen dira. «Psikologikoagoa» da zati hori. «Barne mundua erakusten da hor, biolentziaren ondorioak eta ondorio horiek bizitzeko moduak. Pausatuagoa da, nahiz eta tentsioa dagoen une oro». Horixe izan omen du kezka nagusia Reyk, hain zuzen ere, testua itzultzerakoan: «Erritmoa ongi islatzea, lehen parte bizi eta eroan eta bigarren parte pausatuagoan».
Nobela labur bezain iradokitzaile bat da emaitza, Reyren ustez. «Niri oso garbi iradoki dit gerrak gaitasun bat duela gizakiak duen hoberena eta txarrena ateratzeko». Itzultzaileak erraz irudikatu du irakurle euskaldunaren burua bidaiatzen, bere bizitzara eta bere harremanak kudeatzeko modura, Euskal Herriak bizi izan duen indarkeria girora eta hor egon diren eta badiren jarreretara. «Gogoeta sakon bat pizten ahal zaio irakurleari indarkeriari buruz, mendekuari buruz, zubien premiari buruz, barkamenari buruz, enpatiari buruz, odolari buruz. Azken batean, galdera bat dago hor: nolako tokia dute gorrotoak, mendekuak eta barkamenak gure gatazketan, gure herrian?».