Suediako Akademiako kide batzuek eginiko sexu jazarpena arbuiatzeko, Nobel saririk ez zen iragarri 2018an. Orduko saria urtebete geroago eman zen, eta, hortaz, 2019an bi idazlek partekatu zituzten oihartzuna eta loria: Olga Tokarczukek —2018ko irabazle gisara— eta Peter Handkek. Urtero bezala, Elkar argitaletxeak saridun bakoitzaren obra bat argitaratu du, AED elkartearekin, Arrasateko (Gipuzkoa) Udalarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatutako Jokin Zaitegi sarian: Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik euskaratu dute Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczekek, eta Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan Joxe Mari Berasategik.
Espainiako, Frantziako eta herrialde anglosaxoietako literaturak «ondo samar» ezagutzen direla azpimarratu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, baina Erdialdeko Europako lanak «arrotzak» zaizkiola oraindik euskal sistemari. Europako «aberastasuna» euskarara ekarri nahi izan dutela azaldu du editoreak, eta horren bi lagin dira argitaratu berri dituzten hauek: «Ez dira nolanahikoak, ez liburuak, ez idazleak, ezta itzultzaileak ere». Badira, ordea, ezberdinak: izan ere, Tokarczuken narratiba samurrari —autoreak berak idazteko modu horixe aldarrikatu baitzuen Nobel sariaren ekitaldian— Handkeren «narrazio hotza» kontrajartzen zaio, Mendigurenek azaldu duenez.
Erabili goldea hilen hezurren gainetik «hainbat etiketapean» ageri den liburu bat dela dio Apalauzak: «Eleberri beltzat jo izan da normalean, baina ñabardurekin. Generoaren ezaugarriak ditu, baina harago doa». Protagonista, Janina Duszejko, atzerrian bizi izan da urte askotan, eta orain Poloniako landa eremuko herri txiki batean dihardu ingelesa irakasten. Inguruan hilketa bitxi batzuk jazoko dira, eta horiek ikertzen hasiko da «buru-belarri». Biktimak ehiztariak izaki, eleberria thriller ekologikotzat jo izan dute askok, eta protagonistaren hasierako hipotesia ere gisa horretakoa izango da: «Duszejko sinetsita dago animaliak mendeku hartzen ari direla gizakien kontra».
Gizartetik aldenduta bizi den emakume bakarti bat da Duszejko. Landa eremu «matxista» batean bizi da, eta «gutxietsia» sentiarazten dute maiz «adineko emakumea» izateagatik, Apalauzak azaldu duenez. «Ez du onartzen gizonek antolatutako sistema bateko txotxongiloa izatea, eta horrek arazoak ekarriko dizkio askotan». Irakurleak andre horren galbahetik jasoko du kontakizuna, protagonista bera baita eleberriaren muina. Kolaczeken aburuz, Duszejko andreak «narrazioa bere bidetik eramaten du», eta ez da bide hutsala, Apalauzaren hitzei erreparatuz gero bederen: «Obraren elementurik azpimarragarriena dela uste dut. Ahots narratibo indartsua da, eta ondo landua. Introspekzio ariketa sakona da liburu hau».
Handkeren lana ere bazterrak arakatuz ondutako obra da, eta orobat kontatua dago protagonistaren ikuspegitik. Ezer gutxi da Josef Blochi buruz kontatzen dena, Berasategik dioenez: «Atezain nahiko ona izan zela esaten da, baina ez dakigu garbi zer duen atzean, harrikada duela soilik, ez baita gauza ingurukoekin ondo komunikatzeko». Tokarczuken eleberriko protagonista bezala, bakardadea du hark ere bidelagun, baina ez inguruan inor ez izateak eragindako hori, ezpada «barruko egonezin eternala». Krimen bat gertatuko da, eta Blochek ihes egingo du, edo hori irudituko zaio behintzat irakurleari, hau ere ez baitago garbi: «Hiritik herri txiki batera alde egingo du, eta inguruko guztia berari zuzendutako seinaleak direla usteko du». Izenburua eta Bloch futbolean aritu izana gorabehera, kirola «zeharkako gaia» baino ez da, itzultzaileak argitu duenez.
Forma: opari zein oztopo
Hiru itzultzaileek gozagarri egin zaizkien testu batzuekin egin dute lan, baina konplexutasun hori «zailtasuna» ere izan da haientzat. Tokarczuken ezaugarri formalen artean, darabilen erregistroa azpimarratu du Kolaczekek: «Tokarczuken pertsonaiek hizkera jasoa izaten dute». Eleberri honetan ere bide beretik jo du, eta beste hainbat erregistroz ere baliatu da, Apalauzak ñabartu duenez: «Lagunartean, laxoa; poliziarekin hitz egitean, hanpatua; apaizak hizkera arkaikoa darabil botatzen duen sermoian». Horiek horrela, erregistroa ondo bereiztea izan da itzulpenaren «koska nagusia» Apalauzarentzat. Horrez gain, Tokarczuken irudiak sortzeko trebetasuna nabarmendu nahi izan du Kolaczekek: «Metafora asko erabiltzen ditu; formaren bitartez errazten du eduki sakon eta filosofikoagoen ulermena».
Berasategirentzat, narrazioaren ikuspuntua da Handkeren obraren «meritua» zein «zailtasuna»: «Mundua ez da begi arruntetatik ikusten. Batzuetan, kamera darabilela dirudi; besteetan, lupa edo mikroskopioa... Kameraren joan-etorri horiek bizkor eta ondo egiten direnean eragiten duten zorabioa eragiten dio Handkek irakurleari». Horrekin eta hizkuntzarekin egiten dituen jolasekin josi du Handkek narrazioa, «intriga bereziren beharrik gabe».