euskal presoak

Sarek mobilizazioak antolatu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan abendurako

Martxak antolatu dituzte Iruñeko eta Basauriko kartzeletara, eta beste bat Martutenekotik hasita. Mobilizazioak egingo dituzte Gasteizen eta Bilbon ere.

Sarek eta Etxeratek antolatutako mobilizazio bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 9a
16:38
Entzun

Sarek duela ia hilabete jakinarazi zuen urtero urtarrilean Bilbon antolatu ohi duten manifestazioa bertan behera uztea erabaki zutela, COVID-19a dela eta. Orduan, urtarrilaren 9an herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko deia egin zuten, eta gaur jakinarazi dute abendurako ere hainbat mobilizazio antolatu dituztela. Abenduaren 19an izango dira lehenengoak. Berriozarreko (Nafarroa) Euskal Herria plazatik Iruñeko espetxera martxa bat antolatu dute, 17:30ean abiatuta, iluntasunari, etxerako argia lelopean. Egun berean, Bilbon mobilizazio bat egingo dute, 19:00etan, Arriagan, Bidea gara leloarekin. Abenduaren 24an, Gasteizen egingo dute mobilizazioa, 19:00etan, Ahateen iturria plazan. Azkenik, hilaren 26an, Basauriko (Bizkaia) osasun etxetik kartzelara martxa egingo dute, eta Donostian, Martuteneko espetxetik Loiolara joango dira, 11:00etan abiatuta, urrunketa + COVID-19a = umezurtz lelopean.

Mobilizatzeko arrazoiak badaudela uste du Sarek, «bizi dugun egoerak espetxean diren pertsonengan eta euren senideengan izaten ari den eragin larria dela eta». Bereziki kezkatzen ditu aita, ama edo bi gurasoak kartzelan dituzten haurrek; larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradik COVID-19a pasatu izanak; eta urruntze politikari COVID-19a gehitzean gaixotasun horrekiko zaurgarriak diren senideek bizi duten egoerak. «Adibide soilak dira, beste hainbeste egoera mingarri sortu baititu salbuespeneko espetxe politika honi pandemia egoera gehitu zaionean».

Irekita dagoen aukera berria aprobetxatu eta bultzatzeko beharra ere ikusten du Sarek: «Lortutako adostasun eta babes politiko, instituzional, sindikal eta sozialak ,eta frantziar eta espainiar estatuen aldetik, txikiak eta ez-orokortuak izan arren, ematen ari diren urratsek ireki duten aukera eta egoera berria probestu eta bultzatzeko beharra dago». Herritar bakoitzaren ekarpena «ezinbestekotzat» dute, presoen egoerari irtenbidea emateko eta salbuespen legedia bertan behera geratzeko.

Hori dela eta, urtarrilaren 9ra itxaron gabe, herritarrak kalera ateratzera deitu dituzte. Abenduko mobilizazioek lau aldarri nagusi izango dituztela azpimarratu dute: haur motxiladunek gurasoekin egon behar dutela, etxeratze prozesua ahalbidetzen duen gradu progresioa preso guztiei aplikatu behar zaiela, urruntze politika behin betiko amaitu behar dela eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.