Memoria

Memoria Gara ekinbideak proiektu bat egin du, San Frantzisko eliza memoriarako espazio bihurtzeko

Otsailean egindako Martxoak 3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioa izan da proiektua. Aurrera egin dezan, hainbat erakundetara joko dute, baina prozesua eta diskurtsoak ez «monopolizatzeko» eskatu diete.

Memoria Garak San Frantzisko elizan antolatutako ekimen bat, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 9a
12:31
Entzun

Gune didaktiko bat sortzea, etengabe aldatuko dena, funts propioarekin, ikertuko duena eta kontakizun ofizialetan baztertu dituzten biktimei ahotsa emango diena. Horiek dira, oro har, Memoria Gara ekinbidearen arabera, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizarako diseinatu duen proiektuaren ezaugarri nagusiak. Memoriarako gune bat eraiki nahi dute bertan, 1976ko martxoaren 3an poliziak bost langile hil eta ehun pertsona baino gehiago balaz zauritu zituen lekuan. Proiektua amaituta, Memoria Gara-k Eusko Jaurlaritzara, Arabako Foru Aldundira, Gasteizko Udalera eta Gotzaindegira joko du.

Josu Santamaria historialaria arduratu da proiektua egiteaz, eta Gasteizen otsailean egindako Martxoak 3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioa izan da. Memoria Gara-k azaldu duenez, jardunaldi horietan guztira hamabost pertsonak parte hartu zuten, eta proiektua gauzatzeko hainbat gai jorratu zituzten: edukiak, espazioko esku hartzea edo kudeaketa eredua. «Jardunaldiak osatzeko, hainbat tailer parte hartzaile egin ziren, eta elkarrizketak egin zitzaizkien martxoaren 3ko sarraskia lehen pertsonan bizi izan zutenei», adierazi dute.

Santamariak eta Nerea Martinezek —martxoaren 3an hildakoetako baten ilobak— lan horren ondorioak aurkeztu dituzte gaur. Horietako bat da martxoaren 3ko memoria langileena izango dela: «Eliteek memoria espazioak diseinatu nahi badituzte gatazkaren nozioa saihesteko eta klase nagusien balioak erreproduzitzeko, balio horiek alferrikakoak izango dira. Martxoaren 3ko memoria langileena izango da edo ez da izango», azpimarratu du Santamariak ohar bidez. Horrez gain, nabarmendu dute martxoaren 3ko memoria «askotarikoa eta konplexua» dela. Zehaztu dute sortu nahi duten espazio horrek «beste biktimak» aitortuko dituela, kontakizun ofizialetik baztertu dituztenak, «hierarkiarik gabe, errepresioaren aurkakoa eta feminista izango den benetako memoria lana egin ahal izateko».

Ikerketari ere garrantzia eman nahi diote: «Memoria Gara-k ulertzen du gehiago eta hobeto ikertu behar dela, sakondu egin behar dela martxoaren 3ko memoriaren aitorpenean eta ulermenean, eta garai hartako esperientzia kolektibo hori eskaini behar dela». Horrez gain, uste dute kontuan hartu behar dituela azken 45 urteetako adierazpen kulturalak, artistikoak eta politikoak. «Espazio komunitario, aktibo eta bizia izan behar du, baina baita memoriari buruzko espazio didaktikoa ere».

Lagundu, baina «monopolizatu» gabe

Memoria Gara ekinbidearen irudiko, gisa horretako proiektu batek erakunde publikoen laguntza jaso beharra dauka, baina ohartarazpen bat egin dute: «Erakunde horiek ezin dute inola ere prozesua eta diskurtsoak monopolizatu, martxoaren 3ko memoria ez baita inola ere memoria ofizial edo erosoa». Ildo horretatik, errefusatu egin dute memoria eta proiektua instituzionalizazio prozesu batek «xurgatzea», «horrek etxekotze eta banalizatze saiakera bat badakar»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.