Foro Sozial Iraunkorra

Desagerpen behartuen nazioarteko eguna egiteko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari

Foro Sozial Iraunkorrak egin du eskaera, eta gatazkaren ondorioz erregistratutako zazpi biktimak gogorarazteko baliatu dadin nahi dute.

jarraia190885.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 9a
11:54
Entzun

Foro Sozial Iraunkorra Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan da gaur goizean, eta eskaera argi bat eraman du: desagerpen behartuen biktimen nazioarteko eguna ofizialki egin dezala Gasteizko ganberak. Gaur-gaurkoz, euskal gatazkari lotutako zazpi desagerpen daude erregistratuta: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga gazte galiziarrak, 1973an Miarritze eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) artean desagertuak; Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, 1976an desagertua; Tomas Hernandez, 1979an Hendaian azken aldiz ikusia; Jose Miguel Etxeberria Naparra, 1980an desagertua; eta Jean Louis Larre, 1983an Landetan desagertua. Foro Sozial Iraunkorrak gogora ekarri du, gainera, Joxean Lasa eta Joxe Zabalaren «kasu tragikoa», 1983an desagerrarazi eta hamabi urte geroago aurkitu zituztenak.

Praktika hori «herritarren artean izua eragiteko estrategia» izan dela azaldu dute Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik Eusko Legebiltzarrean egin duten mintzaldian. «Praktika horrek sortzen duen segurtasunik ezaren sentsazioa ez da desagerrarazitako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio». Drama hori Euskal Herrian presente egon dela azpimarratu dute, eta indarkeriaz baliatuta pertsonak desagerrarazi dituzten eragileak ugariak izan direla.

Senide eta lagunek pertsona horiek non dauden ez jakiteak sortzen duen mina eta sufrimendua «izugarriak» direla esan dute, eta «sendatzen oso zailak» direla. Desagertuen gertukoek gertatutakoa jakiteko eskubidea dutela esan dute, eta, horregatik, Foro Sozial Iraunkorrak eskatu du «biktima horiei eta haien senideei dagokien egia bermatzea». Horretarako zailtasun ugari daude: besteak beste, informaziorik eza, ikertzeko baliabiderik eza, informazio iturri fidagarriak topatzeko oztopoak, prozedura judizialerako zailtasunak... Horri guztiari aurre egiteko Egiaren Batzorde bat abian jartzeko eskaera egin dute Hernanek eta Altzelaik, kasu horien aitorpena eta erreparazioa ahalbidetzeko.

Behartutako desagertzeen inguruko kontzientziazio lana egiteko, beraz, abuztuaren 30ean egiten den nazioarteko eguna Legebiltzarrean ofizialki antolatzeko deia egin du Foro Sozial Iraunkorrak. «Horrelako nazioarteko egunak egiteak aukera eman dezake herritarrak oro har sentsibilizatzeko indarkerien zikloaren ebazpenari buruzko gai interesgarriei dagokienez, eta, gainera, komunikabideen arreta erakartzeko, iritzi publikoari adieraz diezaioten ebatzi gabeko kasuak oraindik badaudela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.