Osakidetzak ez ditu kontuan hartu antigenoen positiboak ospitaleratuen datuak emateko orduan

Osasun sistemak zuzendu egin ditu azaroaren 24tik aurrerako datuak, baina ez lehenagokoak. Desfaseak %20 bat gutxitu ditu zenbakiak.

Antigeno test azkarrak. ALEJANDRO GARCíA / EFE
2020ko abenduaren 8a
14:33
Entzun

Osakidetzak gaur ohar batean adierazi duenez, aldatu egin du azken asteotan koronabirusak jota erietxeetan solairuan zeuden gaixoen kopurua zenbatzeko irizpidea. Erabakiak agerian utzi du osasun sistemako arduradunek azaroaren 24ra arte ez dituztela zenbatu antigeno proban positibo emandakoak, solairuan zenbat pertsona zeuden jakinarazteko orduan. Bakarrik PCR testarekin diagnostikatuen berri eman dute. Desfaseak %20 bat gutxitu ditu zenbakiak.

Orain, zuzenketa egin eta azaroaren 24tik aurrerako datuetan horiek ere kontuan hartu dituztela esan dute gaur; hala egingo dute aurrerantzean ere. Izurriaren eboluzioa ikusteko grafikoetan aldaketa handia eragingo du erabakiak. Esaterako, azaroaren 24an, bertan, 120 gaixo gutxiago zenbatu zituzten gaur arte emandako datuetan. Ospitaleratzeen kopuruetan ere distortsio handia eragin du zenbatzeko sistemak: egun berean, 77 pertsona sartu zituzten erietxeetan, PCR edo proba serologikoan positibo emanda, baina datu ofizialetan, bakarrik 53 zenbatu zituzten. Errealitatearen eta Osakidetzaren egun bateko datuen arteko desfaserik handiena 127 pertsonakoa izan da. Zainketa Intentsiboko Unitateetan sarturiko gaixoen kopuruetan ez da desfaserik egon.

Hala azaldu du Osakidetzak: «Antigeno testen sarreraren ondorioz ospitaleratzeen zenbaketa egiteko irizpideetan aldaketak egitea erabaki da. Irizpide berriak erabiliz zuzendu dira datuak azaroaren 24tik aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.