Zahar etxeetan konpondu beharreko guztia

Koronabirusa zahar etxeetan eragiten ari den arazoez hizketan aritu dira egoitzetako langileak, han senideak dituztenak eta bi egoiliar.

Bisita bat, Iruñeko Erruki Etxea zentroan. IÑIGO URIZ / FOKU
Arantxa Iraola - Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko abenduaren 8a
00:40
Entzun

«Lehen, hobeto, xomorro xahar hau sartu arte»

Pello Igarataundi eta Naxari Arakistain. Egoiliarrak

Zestoako San Juan egoitzari «etxe» esaten diote Arakistain eta Igarataundik; goratu egiten dute hango langileen jarduna, «xomorroak» bizitza estuagoa egin duen garai ilunotan ere.

Bizialdiaren bederatzigarren hamarraldian sartuta daude biak, hauskortasuna saihestea ezinezkoa den aro horretan. Hala ere, tente daude oraindik, burua argi, solasa zoli. Pello Igarataundi Unanuek (Zestoa, Gipuzkoa, 1927) eta Naxari Arakistain Egigurenek (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1929) orain urte pare bat utzi zuten beren etxea, ezkondu ondorenean Zestoan elkarrekin hartu zuten bizilekua. Orain, «etxe» esaten diote Zestoako San Juan adinekoen egoitzari: «Gure etxea da». Sentitzen dute bertako langileek, oinarrizko zaintzez aparte ere, bizitzeko ezinbestekoa den abaroa ematen dietela, girorik maitekorrenetan ematen den artaren hatsa. «Hemen dauden neskak eta! Noiznahi gure ondora etortzen zaizkigu, gure ohera: 'Nik ere hementxe egingo dut lo'. Oso-oso jatorrak dira. Etxe honek ez dauka aitzakiarik; tokia ezin hobea da», azaldu du Arakistainek. Horrexek pandemiak ekarritako nekeak arindu dizkiela argi dute biek, baina sumatu dute haren itzala. «Lehen, hobeto, xomorro xahar hau sartu arte».

Egoera epidemiologikoaren arabera, egoitzetan martxotik hona birusari aurre egiteko hartu behar izan dituzten prebentzio neurriak aldakorrak izan dira; baita Zestoako honetan ere. Ekarri dute, gizarte osoarenak nola, egoiliarren askatasunak murriztea. Zahar etxeen kasuan, gainera, COVID-19ak adinekoen artean duen larritasunak eraginda, are estuagoak izan dira erabakiak. Positiborik ez dute izan San Juan egoitzan, eta pozgarria da hori, baina nostalgiaz oroitzen du Igarataundik etxeak izurria heldu aurretik zuen irekitasuna, hango libertatea: «Lehen, ez zegoen mugarik nahi zuena sartu eta ateratzeko, edota kanpora irteteko, eta elkarri kontuak esaten jarduteko. Orain, ordea, ordu erdikoak izaten dira bisitak; denbora gutxi da hori. Denbora gutxian ere kontu asko esaten ditugu guk, ahal den guztiak; baina lehengoaren falta sentitzen dugu».

Nahieran etxekoak ezin ikusi, pena hori du Arakistainek ere: «Izan ere, ilobak asko maite ditugu; haiek ere bai gu. Orain, baimena eskatu behar izaten dute etortzeko». Etxe barruan ere, lehengo libertaterik ez dute orain: mugatuak dituzte mugimenduak. «Gu, adibidez, hirugarren solairuan bizi gara; orain hantxe egiten dugu guk bizimodua».

Hala ere, etxeko abaroari esker, prebentzio neurri horiek ekarri duten bakartzea eramangarriagoa dela uste dute. Elkarren babesa ere estimatzen dute: «Hitz egiteko-eta, bi gara». Halakorik gabe, beste jende askorentzat hilabeteok «gogorragoak» izango ziren uste argia dute. Burua argi, zerekin entretenitua badute, gainera, biek. «Nik, adibidez, pintatu egiten dut asko», azaldu du Arakistainek. «Ni lorategiko lanetan orduak egindakoa naiz», esplikatu du Igarataundik.

Badute albisteen berri: badakite izurria zertan den. Gauetan erreparatzen diete maiz, logelan: «Oso kuarto ederra daukagu». Han, telebistaren aurrean, mundura begira jartzen dira: «Txertoarekin hastera doaz; zaharrei eta haien zaintzaileei jartzen hasiko dira».

«Ezin diegu eman behar duten zaintza eta arreta»

Sandra Temprano. Erizain laguntzailea

Adineko egoitzetako langileek «laguntza psikologikoa» falta dutela dio Tempranok. Enpresatik jasotzen ez dutena, baina, egoiliarren senideengandik jasotzen dute.

Sandra Tempranok (Gasteiz, 1981) hamazazpi urte daramatza adinekoen egoitzetan lanean; azken hamabostak, Gasteizko Ariñez zahar etxean. Erizain laguntzailea da. Izurriaren bigarren oldera kutsaturik gabe iritsi dira Ariñezen: ez da kasu bakar bat ere egon ez langileen artean, ez egoiliarren artean. Osasun neurriak «zorrotz» betetzen dituzte, eta, «zorionez», ez dute kutsaturik izan: «Segurtasun protokolo bat daukagu. Esaterako, egoiliar batzuei logelan bertan ematen diegu gosaria, eta beste batzuei, egongelan. Hainbat taldetan banatuak ditugu, eta ez dira sekula elkartzen».

Izurritearen lehen oldeak jo zituen gogorren zahar etxeak. Garai hura herstura biziz gogoratzen du Tempranok. «Oso latza» izan zen, eta egoerak «gainezka» egin zien: «Lanetik estresatuta eta antsietatearekin irteten nintzen: psikologikoki, oso gaizki, eta fisikoki, are okerrago». Orduan bizi izandakoa iltzatuta dauka memorian, amesgaizto bat balitz bezala: «Etxerako bidea negarrez egiten nuen, eta etxera ailegatzerakoan, seme-alabak agurtzera etortzen zirenean, ez gerturatzeko eskatzen nien. Dutxa bat hartu eta lasaitu arte, ez nituen besarkatzen».

Martxotik hona bestelakoa da egoera. Izurriaren bigarren astinaldia gogorra izaten ari da, baina Tempranok aitortu du berak «nahiko ongi» daramala; izan ere, martxoan ez bezala, ez ditu «ezustean» harrapatu, eta norbera babesteko materialak sobera dituzte. Hobeto egoteak, hala ere, ez du esan nahi ongi daudenik. Higadura sumatzen dute, eta laguntza falta ere bai. Tempranok aitortu du lehen olatuan zein bigarren honetan egoitzetako langileek faltan izan dutela «laguntza psikologikoa». «Gizatasun gehiago, horixe behar dugu. Oraindik asko sufritzen ari diren lankideak ezagutzen ditut, baina enpresatik ez digute inolako laguntza psikologikorik eskaintzen». Enpresatik jaso ez dutena, baina, egoiliarren senideengandik jasotzen dute: «Haiek beti egoten dira gurekin kezkatuta. Bisitak etenda zeudenean eta euren senideekin bideo deiak egiten zituztenean ere, beti galdetzen ziguten ea nola geunden, ea zerbait behar genuen... Izugarri babesten gaituzte».

Zainketa lanen «prekaritatea» eta sektorearen lan baldintza «eskasak» salatzeko, urte eta erdi daramate borrokan Arabako adinekoen egoitzetako langileek. Tempranok parte hartzen du astero egiten duten elkarretaratzean. Gogaituta mintzo da: «Guk ez dugu fabrika batean lan egiten: guk pertsonak zaintzen ditugu, menpekotasun handia duten adineko pertsonak. Maite dugu gure lana, baina ez dago balioetsita». Haserrea ulertzeko datuak eman ditu jarraian: urtean 1.792 ordu lan egiten dute, eta 997 euroko oinarrizko soldata jasotzen dute. Zaintzaile ratioak «lotsagarriak» dira, gainera: 49 egoiliar artatzeko, bost langile daude goizez, eta beste bost arratsaldez. Ez da nahikoa: «Ezin diegu eman merezi duten zaintza eta arreta».

Pandemiaren ondorioak, langileengan ez ezik, erabiltzaileengan ere sumatzen dituzte: «Lehen biko mendekotasun gradua zuenak orain hirukoa dauka. Mugikortasuna murriztu zaien neurri berean apaldu zaie osasuna. Eta tristeago daude».

«Gure aita hiltzen ari da: ez birusaz, bakartzeaz baizik»

Mikel Auza. Senitartekoa

Mikel Auzaren aitak 87 urte ditu, eta egoiliarra da Iruñeko Vergel zentroan. Entzumen eta ikusmen arazoak ditu, eta itxialdiak «kalte psikologiko handia» eragin diola dio semeak.

Zimeltzen. Horrela ikusi du Mikel Auzak aita, Iruñeko Vergel zahar egoitza publikora bisitan joan izan zaion azken aldietan. «Itzaltzen ari zaigu, egunetik egunera». 87 urte ditu Manuel Auzak, eta 2013. urtetik darama zentro horretan egoiliar. «Gure aita erdi gorra da, eta, azken urteetan, ikusmena ere galdu du nabarmen, kataratengatik», azaldu du semeak. Egoera zaurgarri horretan, Manuelentzat inoiz baino beharrezkoagoak dira senideen bisitak, baina martxoan, izurria zabaltzearekin batera, errotik moztu zizkioten. «Lehen konfinamendu hura oso-oso gogorra izan zen harentzat», gogoratu du Auzak. «Ekain erdialdean baimendu zituzten bisitak atzera ere, eta orduan konturatu ginen bakartzeak kalte egin ziola. Uste dugu dementzia moduko bat garatzen hasia dela, eta itxialdiak bizkortu egin duela prozesua».

Urrian, pandemiaren bigarren olatuarekin batera, zahar etxeetako bisitak bigarrenez eten zituen Nafarroako Gobernuak. Horien ordezko gisa, telefono deiak eta bilera telematikoak egitea proposatu zieten senideei, baina Manuel Auzaren gisako kasuetan halakoek «deusetarako ez» dutela balio dio haren semeak: «Gure aitak ez du ongi aditzen, eta ikusi ere oso gutxi ikusten du. Nola hitz eginen diogu telefonoaren bertzaldetik? Ez du zentzurik». Hiru salbuespen ezarri zizkion gobernuak bisiten debekuari: egoiliarra hilzorian egotea, «gabezia neurokognitiboak» izatea eta egoiliarren «egoera psikoafektiboa» nabarmen okertu izana. Manuel Auzak hiru baldintza horietatik bi betetzen zituenez, bisita bat egiteko aukera eman zioten.

«Arraroa izan zen», laburbildu du semeak. Sorgortuta aurkitu zuen aita, gurpil aulkian: «Begirada galdua zuen, ez zuen ezer erraten... Ordura arte, nirekin beti solastatzen zen euskaraz. Barra-barra aritzen ginen. Eta orain bakarrik erraten du baietz edo ezetz. 'Zer moduz zaude?', galdetzen nion, eta gauza bakarra errepikatzen zidan: 'Nekatuta'». Bigarren itxialdiaren ostean, bisitak berriz baimendu dituzte, baina Auzak argi du aita «galtzeko bidean» duela. «Gure aita hiltzen ari da pixkanaka: ez birusarengatik, bakartzearengatik baizik».

Hala ere, ez da kexu Vergel egoitzan jasotako tratuaz: «Harremana dut langileekin, eta eurek kontatzen didate nola dagoen aita. Oro har, egoitza honetan bertze batzuetan baino hobeto daudela uste dut. Egoiliarrak talde txikitan banatuta dauzkate, eta tratua gertukoa da».

Izan ere, zahar etxeen arazoa «orokorra» dela uste du, ez egoitza jakin batekoa. Horregatik batu da Zainduz Nafarroako zahar etxeetako egoiliarren senideen elkartera: «COVID-19ak dena irentsi du, baina arazo hau izurriaz harago doa. Hainbat zahar etxetan, egoera oso txarra da lehendik. Baliabideak handitu behar dira, eta ratioak murriztu. Nafarroako Gobernuari hainbat aldarrikapen egin dizkiogu, baina, funtsean, beste zaintza eredu bat nahi dugu».

«Nekatua ateratzen nintzen, baina lantaldeaz harro»

Saioa Elosegi. Medikua

Lehen olatuan ez zen kasurik izan Errenteriako Jesusen Bihotzaren egoitzan; bigarrenean, sartu da birusa. Elosegi ez da «bakarrik» sentitu bidean, baina lan «bakartia» duela aitortu du.

Saioa Elosegi Urangak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972) hamazazpi urte daramatza mediku Errenteriako Jesusen Bihotzaren egoitzan (Gipuzkoa). Berebiziko indarrez oroitzen ditu hilabeteok. «Aurrena izan zen beldurra, ezjakintasunak eraginikoa: ez genekien zer zegoen, zer egin. Ez genuen kasurik izan, baina oroitzen dut beldurra, eta estresa: lorik egin ezina». Egoitzako mediku bakarra da: «Lan bakartia da». Ehundu egin behar izan zuten arloko medikuek, beren kabuz, sare bat, elkarren berri izateko, elkarren abaro izateko: «Niri, adibidez, protokolo asko ez zitzaizkidan iritsi Osakidetzatik, baizik eta beste lagunen bidez. Gero, erietxera-eta deitu behar izan dudanetan, arazorik gabe; osasun zentroan ere bai: 'Zer behar duzu?'. Alde horretatik, ez naiz bakarrik sentitu». Irailean sartu zitzaien lehen aldiz birusa etxean: «Berriz beldurra, eta arduraren zama. Nola egingo dut?».

Prebentzio neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte egoitzetan COVID-19 kasuak saihesteko, eta horrek, kasu askotan, egoiliarren bizitzak gainerako herritar askorenak baino zedarri estuagoetara eraman dituela aitortu du Elosegik: «Hemen kolektiboak indarra hartzen du norbanakoaren gainean, eta neurriak mugatuagoak dira». Neurri zorrotz horien ondorioak maiz ikusten ditu: «Osasun emozionalean, funtzionalean eta kognitiboan». Egoiliarrak senitartekoen bisitarik gabe egon dira maiz, edo horiek oso murriztuta: «Eta batzuek ez dute ulertzen: 'Zergatik ez datoz?'. Langileok hor saiatu behar izan dugu familiaren goxotasuna ematen, ahal izan dugun neurrian. Familientzat oso gogorra izan da. Esan izan digute: 'Agian amaren azken negua izango da; ez nago harekin'. Oso gogorra da hori».

Martxotik hona lantaldea asko «trinkotu» dutela esan du: «Askotan ateratzen nintzen lanetik nekatuta, gehiago ezin nuela, baina lantaldeaz harro. Hori izan da parte positiboa; harro egoteko erako taldea egin dugu». Miresmenez ari da: «Jendea hemen uzten ari da arima, larrua eta dena; ahal zena eta gehiago egin dugu». Eta eskuak falta izan dira lanerako? «Une batzuetan, bai». Asteon bi greba egun deituta daude sektorean; ulertzen du zergatia, eta bere egiten du aldarria. «Nahi nuke hau dena ez ahaztea, oso sektore prekarioa baita; oso gaizki pagatuta dago maiz». Hura bezala egoitzetan dauden medikuek-eta ere, adibidez, Osakidetzakoek baino soldata apalagoak dituzte. Trebakuntza ona ere usu ez dago bermatuta: «Osakidetzan ez zaituzte hartzen espezialitaterik gabe; hemen, ez da horrelakorik eskatzen». Lantaldeen prestaketa ona, hein batean, «bokazioak» bermatzen duela esan du, eta «heterogeneoa» izaten dela arta: «Guk, adibidez, osasun talde indartsua dugu, baina geuk egin dugulako».

«Ez digute egin galdera hau: 'Zer behar duzue?'»

Joseba Ilarramendi. Zuzendaria

Ahalik eta muga urrieneko bizilekuak izateko atonduak ditu Zestoako San Juan fundazioak bere baliabideak; Ilarramendik azaldu du nekea izan dela atzera egitea, baina ezinbestekoa.

«Luze doa». Zestoako San Juan fundazioaren ardurapeko adinekoentzako baliabideen zuzendaria da Joseba Ilarramendi, eta COVID-19ak ekarritako nekeen «zama» gero eta handiagoa dela esan du: «Orain garbiago dago nola jokatu, zer protokolori jarraitu, baina, aldi berean, taldearentzat zama handia da. Ondo ari gara, baina psikologikoki karga hori nabarmenduko nuke». Adinekoentzako egoitza, eguneko zentroa eta etxebizitza babestuak dituzte. Hormarik gabeko etxe bat izatea da haien jomuga: «Hain zuzen ere, eguneroko martxan, eguneko zentrokoak egoitzara joan izan ohi dira, etxebizitzatakoak jaitsi izan dira behera, etxe inguru dena batera konpartitzen dugu... Izan ere, gure azken urteotako estrategia izan da muga horiek haustea eta erabiltzaile bakoitzari behar dituen zerbitzuak ematea; beren etxean daude, eta gu zerbitzu bat ematera gatoz».

Pandemiak eragotzi egin die jarduteko era hori: «Orain mugak sortu behar izan ditugu; dena sektoreka banatuta dago, eta erabat mugatuta egin behar dugu lan: toki bateko eta besteko erabiltzaileak ezin dira nahastu, langileak ezin dira nahastu...». Kanpoko bisitei begira, antzera: «Lehen sartzen ziren aterik jo gabe, nahi zutenetan, nahi zuten tokitik...». Orain, ezin: «Ordu jakin batzuetan etorri behar dute, denbora jakin batean». Pena hori dute: «Gure filosofiari begira, aldaketa handia izan da». Beharrezkotzat dauzka, hala ere, neurriak: «Zorroztasuna ezinbestekoa zen; bestela, gero gogorra da: sartzen den tokian, izugarria da».

Mugak ezarrita daude. «Orain dagokigu horien barruan ahalik eta zerbitzurik onena ematea. Ahalegin horretan gabiltza». Eta lortzen dutela adierazi nahi du, hedabideetan zabaldu diren hainbat mezuk arduratuta: «Zaharrak ondo daude, hori ere nabarmendu nahi nuke: ondo zainduta daude». Baina langileek, horretarako, «esfortzu» handia egin behar izan dute. Hasieran, beldurraren beldurrez, «itxialdi» bat egin zuten langileek egoiliarrekin, hilabetekoa. «Pixkanaka joan gara neurriak egokituz, ahalik eta modu seguruenean».

Ez dira bakarrik sentitu: «Babesa, protokolo mailan, teknikarien partetik-eta izan dugu». Osakidetzako medikuek artatzen dituzte egoiliarrak; haiekin ere ondo moldatu dira. «Baina agerian geratu dira sektore honen gabeziak; lehendik ere arazo asko daude; hor daude grebak, lan itunik gabe daude langileak... Eta egoera horretan langileok izan dugun jarrera nabarmentzekoa da. Langileen konpromiso maila izugarria izan da». Horregatik, zurrunbilotik aterata, «maila politikoan» sektorea «duintzera» egin behar dela uste du. Eta egoitzek egindako lana baloratu egin behar dela. «Baliabide pila bat jartzen ari gara, lan egiteko era askoz ere zorrotzagoa dugu, eta ordainetan ez dugu ezer jaso». Arrangura hori du: «Egoitzoi ez digute egin galdera hau: 'Zer behar duzue?'. Gertutasun horren falta sentitu dut nik».

«Afektiboki berriz ere beste kolpe bat da haientzat»

Maddi Zubeldia. Senitartekoa

Urruñako zahar etxean dauka 90 urteko ama Zubeldiak. Pandemiaren harira hartutako neurriak lehen lerrotik bizi izan ditu: haren gogoetak eta bizipenak kontatu ditu.

90 urte ditu Maddi Zubeldiaren amak. Duela bost urte sartu zen Urruñako (Lapurdi) zahar etxera. Egoera zaildu egin du pandemiak: egoiliarrek ez ezik, senideek ere egoera latzak pairatu behar izan dituzte azken hamar hilabeteotan. Martxoan ezarritako konfinamenduan, bisitak guztiz debekatu zituzten egoitza guztietan, eta «luzaz» ezin izan zuen ama ikusi Zubeldiak. Maiatzean, bisitak baimendu zituzten Ipar Euskal Herrian, baldintza zorrotzekin.

«Martxoko konfinamendua zelarik, egoiliarrak euren geletan itxita egon dira. Familiaren harremana moztua izatea gauza bat da, baina bertako kideekin ere moztua izan da; ez zuten sozializatzeko batere aukerarik. Dena gelan egiten zuten, eta horrek denbora luzea iraun zuen». Zubeldiaren amak alzheimerra dauka; eta harremanak eten behar izanak ondorioak izan ditu harengan: «Gogorragoa da burua ongi duenarentzat, iduriz. Baina konbentzitua naiz hala ere atzeraka egiten dutela zaharrek, afektiboki harremana moztua delako, eta giroa sentitzen dutelako».

Deskonfinamendua etorri zenean, bisitak berriz baimendu zituzten, baina orduan ere, harreman fisikoa ezinezkoa zen, segurtasun neurrien ondorioz. Urrian, berriro ere konfinamendua ezarri zuen Frantziako Gobernuak, baina zahar etxeetako bisitak baimentzea erabaki zuen, egoiliarren bakartzea saihesteko. «Egoiliar bakoitzarengana pertsona bat baizik ezin da joan batera, eta ordua hartu behar da aurretik», Zubeldiak azaldu duenez.

Egoera, ordea, latza da oraino. Zubeldia: «Familiar gisa, baduzu kulpabilitate bat ama aparkatua duzulako han, nahiz eta argi izan ezin duzula etxean izan alzheimerra duelako. Gainera, ikustera joatea zaila da. Konposatzen dugu horrekin». Frustrazioa aipatzen du Zubeldiak: «Zorionez, amak animoa atxikitzen du; alaitasuna ez du galtzen. Elkar ikusten dugularik, kantuz ari gara, baina ezin dugu estimulatu nahi bezainbat». Estimuluak, ordea, beharrezkoak ditu Zubeldiaren amak, eta bigarren konfinamenduak ere, malguagoa izanik ere, eragina duela dio. «Afektiboki berriz ere beste kolpe bat da haientzat, eta guretzat ere ez da goxo».

Pentsatzen du gaitzaz babestu nahian osasun mentala baztertu dutela agintariek. «Ez naiz inor esateko zer egin behar den, baina harremana eta osasun mentala zaindu behar dira. Ari gara kosta ahala kosta jendea iraunarazten baina osasun mentalaz arduratu gabe», deitoratu du. «Dudarik gabe, babestu behar dira. Baina zer da egiazko babesa? Haiei ez zaie galdetu. Denak ari gara mintzatzen, baina zaharrei beraiei ez zaie galdetzen». Eta galdetu du: «90 urtetik gorakoek eritasunaren beldurra dutela? Baina horrela bizi behar izatearena?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.