Presoak

Eritasun larriagatik, Josetxo Arizkuren askatzeko exijitu dute Sarek eta Etxerat-ek

Iruñean, astelehenean 20:00etan Merindadesko biribilgunean egingo den mobilizaziora deitu dute. Jaione Karrera abokatuak azaldu du Arizkuren «ongi» dagoela, baina bihotzean tronbosi berriak izateko «arrisku handia» duela

Sareko Mikel Mundiñano, Jaione Karrera abokatua eta Xochtil Karasatorre Etxerat-eko ordezkaria, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko abenduaren 5a
13:53
Entzun

Iragan igandean, Murtzia II espetxean den Josetxo Arizkuren euskal presoa ospitaleratu behar izan zuten, Jaione Karrerak azaldu duenez, une hartan berekin zen kide batek berehala eraman zuen erizaintzara eta erantzun azkar horrek balio izan zuen bihotza ez geratzeko eta «lesio konponezinak» eragozteko. Arizkurenek, eskuineko arteria koronarioan sortutako tronbo baten eraginez, miokardio infartu akutua izan zuen.

Ospitalean artatu eta kateterismo zein tronbektomia bat egin zitzaion. Halaber, bihotzean erresonantzia magnetiko bat egin zioten, eta medikuek ikusi dute bihotzekoa izandako gunea bere onera etor daitekeela. Estres uneak saihesteko eskatu diote.

Jaione Karrera berekin izan zen ostegunean, Murtzia II kartzelan, eta «ongi» aurkitu zuen. Dena den, ohartarazi du halakoak berriro gertatzeko «arrisku handia» duela. Gaineratu du, legeak dioenaren kontra, espetxeko zuzendaritzak ez ziola sendiari gertatutakoaren berri eman eta jasotako informazioa bere ahaleginez eta eskariz izan dela, «eta ez espetxeak motu propio emanda»..

Arizkurenen egoeraren berri emateko, prentsaurrekoa eman dute goizean, Sare eta,Etxerat elkarteek. Jaione Karrera abokatuak azaldu du Arizkureni 2006an kardiopatia iskemikoa, «gaixotasun larri eta sendaezina», deklaratu ziotela, eta behin baino gehiagotan ebakuntza egin behar izan diotela. «Haren bizitza arriskuan jartzen duten gertaera berriak izateko arriskua du». 21 urte darama preso, erregimen itxian, «bizi baldintza gogorrekin». Egoeraren hauskortasuna nabarmendu du Karrerak: «Zer gertatuko zen hurrengo batean horrelako gertakari larri baten aurrean ez balitz berehala artatuko eta premiaz erantzun? Zergatik jartzen da arriskuan haren bizitza?».

Mobilizazioa, astelehenean

Arizkuren Murtzia II kartzelan dago, 750 kilometrora. Jakin dutenez, Logroñora aldatzeko erabakia hartua dago, eta, era berean, lehen gradutik bigarren gradura aldatuko dute. Mikel Mundiñano Nafarroako Sareko eledunaren arabera, erabakia «berandu» dator. «Lekua aldatzea ez da aski, ezta bigarren gradura aldatzea» ere. Legediak dioenari erreparatuz, eritasun larria duten gainerako hamazazpi presoen modura, aske uztea exijitu du. Hain zuzen ere, hori izango da mezu nagusia astelehenean, Iruñean 20:00etan egingo den mobilizazioan. Bertara joateko deia egin diete herritarrei. 

Bere aldetik, Karrerak azaldu du, etorkizunean berriro halakorik gerta ez dadin, espetxe administrazioak presoari dagozkion eskubideak bermatuko dituen neurriekin argitu beharko lukeela osasun arloko segurtasun falta. Lehenik eta behin, Logroñora «berehala» eramateko eskatu du, senideekin, eta konfiantzazko abokatu eta medikuekin egoteko aukera erraztu dadin. Halaber, garraioa baldintza egokietan egin behar dela adierazi du, «anbulantzia baten edo egokitutako ibilgailu batean», espetxe erregimeneko legeak eta arauak hala zehazten baitute.

Era berean, Karrerak eskatu du «gaixotasun sendaezin eta oso larriengatik espetxe zigorra eteteko prozedura arautzen duen 6/2018 instrukzioa aplikatzeko». Hirugarrenik, senideei eta presoak baimendutako pertsonei osasun arloko informazioa ematea ziurtatu behar da. «Ezin da berriro errepikatu gertaera larri batean aurrean familiari ez jakinaraztea». Behin Arizkuren ospitaleko solairuko ohean zegoela, ez zitzaion utzi familiari deitzen.

Karreraren arabera, espetxe arloko legediak eta araudiak ezartzen dute gertakari larri bat izatean zuzendaritzak berehalakoan deitu behar duela, eta sendiari jakinarazi. «Lortu dugun informazio apurra izan da nik neuk egindako gestioagatik eta insistentziagatik». Karreraren ustez, eguneratu behar litzateke ospitaleratutako presoen bisitak arautzen dituen espetxe arloko 9/2001 instrukzioa. «Telefono deien inguruko erregulaziorik ez du jasotzen, baina gure ustez hori arautu beharko litzateke espetxeko edozein arduradunek edo pertsonak ezin dezan interpretatu edo mugatu preso orori dagokion eskubidea»

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.