Baziren hamar urte Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962) ez zuela poema libururik argitaratzen. 2010ean eman zuen Bitsa eskuetan, eta Azalaren kodea 2000n. Baina, hamar urtetik behineko kadentzia horrekin baino gehiago, Kristalezko begi bat nobelarekin eta Hezurren erretura narrazio sortarekin lotu du Meabek berak bere lan berria: Nola gorde errautsa kolkoan; Susarekin eman du, aipatutako besteak bezala; «Hiru lanok triptiko bat osatzen dute», azpimarratu du.
XV. eta XVI. mendeko flandriar eskolako triptiko baten tankerako zerbait, zurezkoa beharrean hitzezkoa, hiru ohol ondu eta loturekin. «Ohol bakoitza beregaina da, baina beste bien konpainian osatua. Edonola ere, alboko hegalak higikorrak dira, eta, kaxa baten moduan ixten direnean, hiru zatiek elkar babesten dute, batasuna eratuz». Aurkeztu berri duen poema sortak, bada, «lotura nabarmenak» ditu beste bi oholekin. Aurrekoetan bezala, hirugarren piezan ere tesi honi eutsi dio Meabek: «Biografia orok igortzen du izpiren bat. Edozein bizitza birbaliotu daiteke literatur tratamenduaren bitartez». Hala, poema bilduma berria jauregi bateko galerien edo klaustroaren moduan irudikatu du, «emakume mordoa kontu kontari, kandela piztuak eskuan» bertan paseoan dabilela.
Baratzearekin ere alderatu du triptikoa: «Orain dela zazpi urte, Kristalezko begi bat nobelan, baratzea lantzearekin konparatu zuen idazkuntza. Baina baratzea lantzeak garbitzea ere eskatzen du, sasiak erretzea, eta horren isla izan zen Hezurren erretura. Azkenik, zerbait egin beharra egoten da su metak utzitako errautsekin». Horixe litzateke Nola gorde errautsa kolkoan: bere sormena ongarritzeko lehengaia. «‘Nola gorde errautsa kolkoan’ esatea eta ‘bizitza kudeatu’ esatea gauza bera da», azpimarratu du egileak.
Metodo bat, sei atal
Meabek sei ataletan egituratu du liburua, eta, seion sarrera gisa, poema bat paratu du: Metodoa. Poema horretan, behin eta berriz errepikatzen da galdera, salmodia batean bezala: «Nola gorde errautsak kolkoan...». Metodoa poemaren goiburuan, Meaberen esanetan «liburuaren oinarrizko filosofiaren laburpena» den Eloy Sanchez Rosillo poetaren aipu hau ageri da: «Aldi berean arnasten ditugu argia eta errautsa./ Hasiera eta amaiera oinaztu berean bizi dira».
Album bat da liburuko lehen atala. Memoriaren partea. «Atal autokostunbrista deitu diot». Txikitako folklore pertsonala jaso du bertan idazleak: paisaiak, jolasak, eskola eta heziketa, familia eredua, lilurak, pertzepzioak, ametsak...
Bigarren atala: Pospoloak. «Emakume erreal eta fikziozkoen katalogo bat. Pospoloek bezala, argia eta beroa igortzen dute, baina atzamarrak erre ere egin ditzakete». Hor agertzen dira Alien filmeko Ellen Ripley, Dracularen amorante Lucy Weston, Piter Panen lagun Wendy, Xeherezade, Forugh Farrokhzad poeta irandarra, neskutsa izengabea, Marguerite Yourcenar, Bronte ahizpak, Mary Shelley, Andre Maria Birjiña, Martija Jauregikoa emagina, Milia Lasturkoa eta Emily Dickinson, Maria Frantziakoa trobairitz-a, Bizenta Mogel, Kasandra iragarlea eta Cro-Magnongo Ayla. «Horiengana jotzean, kezka hauek adieraztea zen nire asmoa: ahizpatasuna, parasitismo sentimentalaren arbuioa, independentzia emozionala, herri kultura eta bakegintza, sormena bizitzaren justifikazio bezala, erlijioa biktimario bezala, absolutuaren bilaketaren alferra, betebeharren kontzientzia» eta beste asko.
Nola gorde errautsa kolkoan liburuko hirugarren atala, Neguko bidaia izenekoa, Meaberen ohol poetikoaren parte alegorikoa da; Tempo Giusto, berriz, liburuko atal soziala; hileta kantu luze bat dator hurrena: Ate hori. Bi dolu deskribatu ditu horretan poetak: batetik, desamodioak eragindakoa; eta bestetik, heriotzondokoa. «2020 honen hasieran, neure maite-laguna izandakoa hil zen. Atea zarratzeko eskea da atal hau, gainditzen laguntzeko eskea». Azkenik, Estigma zorizkoa metaliterarioa dator.
Forma eta lerroap
Miren Agur Meabek azken hamar urteetan idatzitako poema bilduman, aniztasun formala agerikoa da. «Aniztasun horren barruan, bizikidetza lasaian daude bai estilizazioa, bai barrokismoa, bai abstrakzioa. Poema postalak, poema teselak, haikuak, kantak, kontaerak daude». Errima beste batzuetan baino markatuago dator, gainera. Eta, triptiko bat izanik, «lerro plastiko bat» dauka, nola ez, poema sorta osoa zeharkatuz.
Lerro horren osagarri, Meaberen literaturan lehendik ere ezaguna den sinbologia aurki daiteke: «Tximeletak agertzen dira, aurreko liburuetan legez, metamorfosiaren arketipoa direlako. Palmondoa ere agertzen da; agertzen dira txoriak; agertzen da katua». Eta agertzen da intertestualitatea.
Idazleak itxi du triptikoa. Jakin badakien arren badirela batzuk itxi orduko laugarren margolan bat agertzen dutenak, tapan. «Egunen batean triptikoaren tapa ere margoztatuko dugu, agian, baina orain nitasunetik pixka bat urrundu eta barruari atzaparka ibiltzeari utzi beharra daukat».