Ez da erraza izaten bizitoki berri batera iritsi eta bertako jendea ezagutzea. Eta, hain zuzen ere, bide horretan laguntzen du SOS Arrazakeria plataformak; helburu horrekin, besteak beste Bizilagunak egitasmoa dauka esku artean. Azaroko egun batean bazkariak antolatu ohi dituzte, kanpotik etorritako familiak eta bertakoak elkartuta. Igande honetan hasiko da VII. Bizilagunak egitasmoa, hilaren 29an, baina, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, bi aldeak bestelako bide batzuen bitartez jarriko dira harremanetan.
Gero eta gehiago dira Bizilagunak egitasmoan parte hartzen duten herritarrak. Iaz, 1.060 lagun izan ziren Gipuzkoan egin zituzten 131 bazkarietan. Aurtengo egoera berezia dela ikusita, antolatzaileek proposatu dute aurreko aldietan ezagututako jendea harremanetan jartzea. Bideo deiak egitea proposatu dute, eta baita telefonoz hitz egitea ere. Silvana Luciani Bizilagunak egitasmoaren koordinatzailea da, eta proiektu interesgarria dela iruditzen zaio aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko. «Auzo inklusiboak sortzeko aukera ematen du», esan du.
Konfinamendu garaian, diagnosi txosten bat garatu zuen SOS Arrazakeriak, migratzaileen egoera aztertzeko. «Konturatu ginen harreman sare baten beharra zutela, eta, Bizilagunak egitasmoak oso balorazio ona izan zuenez, aurten ere egitea erabaki genuen». Arlo sozialean ez ezik bestelako kontu batzuetan ere zailtasunak zituztela ondorioztatu zuten; besteak beste, eten digitala zegoela nabaritu zuten. Izan ere, familia askok ez zeukaten Internetik edo ordenagailurik etxean. Lucianik gaineratu du pandemiaren ondorio ekonomikoak larriagoak izango direla modu prekarioan bizi direnentzat.
Gipuzkoa Solidaria gala egin ohi dute urtero Bizilagunak egitasmoan, baina hori ere online egin beharko dute aurten. Igande honetan egingo dute, 17:00etatik aurrera. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da, eta baita Instagram eta Facebook sare sozialetako kontuetan ere. «Familien arteko harremanei hasiera emateko modu bat izango da, eta truke horiek luzaroan mantentzera animatu nahi ditugu familiak».