EAEko Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege proiektua onartu du aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuaren ustez, proiektuak jasotzen duen berritasunetako bat da integratzen dela klima larrialdirako politiketan.
Proiektua Eusko Legebiltzarrera eramango dute eztabaidatu dezaten, eta, okerrik ezean onartu egingo dute, kontuan hartuta EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutela ganberan. Tapiak Zumaian (Gipuzkoa) aurkeztu du, gaur, eta helburu du, haren esanetan, «naturaguneak eta biodibertsitatea babestea natura-ondarearen ikuspegi integral batetik, horien kudeaketaz arduratzen diren administrazioen arteko koordinazioa hobetzea, beste politika sektorial batzuk integratzea, eta sektorean aukera berriak bultzatzea, natura ondarearen babesa eta garapen ekonomiko eta soziala uztartzeko».
Nabarmendu du proiektua hauspotu dutela, legeria eguneratzeko «beharra» zegoelako. Tapiaren arabera, EB Europako Batasuneko gidalerroek lege garapen handiak bultzatzen dituzte, eta lege berriak NBE Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarrirako jarritako helburuekin bat egiten du, eta «Basque Country 2030 Agendaren barruan» kokatzen da.
Azpimarratu du, bestalde, lege proiektuak «sinplifikazio administratiboa» lortu nahi duela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan natura ondarea kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoen arteko koordinazioa errazteko.