Hamar urteren ondoren, bart, berriz banatu zituen Gaztea Irratiak Gaztea sariak. Donostiako Kursaalean egin zen ekitaldiak hainbat izen propio utzi zituen, eta baita une gogoangarriak ere. Bi izan ziren nabarmenenak. Batetik, iaz hil zen Iñigo Muguruza musikariari egin zioten omenaldia. Jon Maia bertsolariak izugarrizko txalo zaparrada jaso zuen bertso bat eskaini zion Muguruzari, eta haren alabak, Uxue eta Iraia, oholtzara igo ziren Ibilbide Osoaren Aitortzaren sari berezia jasotzera. Bozketa bidez hautatu dira aurtengo irabazleak, Muguruzari emandako sari berezi hori izan ezik.
Sareetan bolo-bolo dabilen beste agerraldia Izaro Andres abeslariarena da. Bi sari jaso zituen Izarok: kantu onenarena, Libre abestiagatik, eta bideoklip onenarena, Invierno a la vista kantuaren bideoagatik. Oholtzara igo zen aldietako batean hartu zuen hitza Izarok, eta, azaroaren 25a eta Diego Armando Maradonaren heriotza hizpide hartuta, hitz batzuk esan zituen; «gora borroka feminista!» oihukatuz amaitu zuen hitzaldia Mallabiako artistak, eta hari ere txalo zaparradarekin erantzun zion publikoak.
.@IzaroAndres: ''Zuen usteen eta legeen kontra, gora borroka feminista!'' Oso-osorik hemen: https://t.co/894F8iuAVA@eitbeus#GazteaSariak2020pic.twitter.com/IkmAhrC9Fr
— gaztea (@gaztea) November 27, 2020
Sariei dagokienez, ordea, Pello Reparaz buru duen Zetak taldea izan zen gaueko garailea. Arbizuko abeslaria hiru bider igo zen oholtzara, beste hainbeste sari jaso baitzituen: artista edo talde onenarena, zuzeneko onenarena eta konfinamenduko kantu/bideo onenarena, Zeinen ederra izango den abestiagatik. Reparazek eskerrak eman zizkion Gazteari ekitaldia antolatzeagatik: «Euskal Herriak behar zuen horrelako sari banaketa bat; industria bizirik dagoen sentsazioarekin noa etxera, giro ona dago gure artean, eta gauza handia da hau. Bagoaz pausotxoak aurrera ematen».
âÂÂÂÂœÂÂÂÂ…Talde onena (mejor grupo)â£
— Z ðŸ§Âžâ™‚ï¸Â (@zetak_org) November 26, 2020
âÂÂÂÂœÂÂÂÂ…Zuzeneko onena (mejor directo)â£
âÂÂÂÂœÂÂÂÂ…Konfinamenduko kantu onena (mejor canción del confinamiento)â£
â£
Milesker @zetak_org ekipo
Milesker @gaztea
Milesker Euskal Herria ðŸÂÂÂ’›â£ pic.twitter.com/tsLWn6tfSI
Beste bi talde sarituak izan ziren Skakeitan eta Sua. Skakeitan Donostiako taldeak iaz argitaratu zuen, urte bukaeran, Nola galdu denbora diskoa, eta hark irabazi du urteko disko onenaren saria. Suak, berriz, artista edo talde berri onenaren izendapena jaso du, eta Itziar Ituño aktoreak urteko pertsonaiarena. Olatz Salvadorrek aurkeztu zuen ekitaldia, eta abesti bat ere estreinatu zuen donostiarrak: Euria izenekoa.
Hamar urteren ostean
Gazteak pandemiak baldintzatutako urte honetan berreskuratu ditu Gaztea sariak; aurten ari dira ospatzen irratiaren 30. urteurrena ere. Egoera dela eta, hainbat zailtasun izan dituzte ekitaldia antolatzeko, baina antolatzaileak gustora agertu dira emaitzarekin: «Argi genuen euskal musikarien aldeko ahalegina noizbait egin behar bagenuen aurten egin behar genuela. Azken finean, haiek dira gure bazka».
Iñigo Muguruza iazko irailean hil zen. Orain, urtebete geroago, hura omendu du Gazteak, «ia guk adina urte eskaini zizkiolako musikari», eta pandemiak ez duelako lehenago ahalbidetu halako omenaldirik egitea. Atzoko omenaldiari Fermin Muguruza anaiarekin eta Iñigoren alargunarekin batera eman zioten forma ekitaldiaren antolatzaileek, eta haiek argi utzi zieten alabek izan behar zutela protagonismoa. Haiek jaso zuten saria.
Berri Txarrak-en sorpresa
Duela urtebete azken emanaldia eman zuen Berri Txarrak-ek ere. Ordutik agerraldi publikorik ez zuten egin taldekideek, atzo arte. Gorka Urbizu abeslari eta gitarra jolea igo zen urteko fenomenoaren saria jasotzera, eta ezusteko bat eman zien ikusleei: Marina Lameiro zinemagileak egindako Dardara pelikularen aurrerapena aurkeztu zuen, Ikusi Arte biran bildutako irudiekin osatutako filma.
Udaberrian iritsiko da Marina Lameiro zinemagileak @berritxarrak-en #IkusiArte biran filmatutako pelikula: DARDARA.
— Malcolm iXa 🆕ï¸Â (@ideiazabaldubai) November 27, 2020
Arrerapen teaserrak itxura bikaina du. pic.twitter.com/wAQlNMdILM
Iñigo, kantu bat. Jon Maiak Iñigo Muguruzari eskainitako bertsoa:
Zuk eraman gaituzu espazio eta denboraontzi baten gisan
zinema galduetara, film zaharretara
barrikadetara, Herrera de la Manchara
lurraren arimaren bila
lehen guda lerrora
itsaso urrunetara
Karibera, Monbar hotelera,
maitearen besoetara
Jimmy Jazz, Antuan nahasia, Margarita eta Pedro Mayorekin.
Azken guda dantzara, Toulousera
Moskura, ilargira
borroka galduetara eta amets kolektiboetara
«Iñigo Desband».
Izerditan eta oihu bizian bidaiatu dugu zurekin,
pasioz, azkena balitz bezala bizi izan ditugun gau magikoetan
ahaztezinak,
ni ere han izan nintzen.
Hori dena, jadanik, gugan dago
«Iñigo Kortatu», zer zara?
gugan sartu zara,
eztanda egin zuen big bang bat bezala, positive bomb,
gerora oihan bihurtuko zen lehen hazia bezala,
asmo handi baten lehen segundua bezala sartu zinen,
bide luze baten lehen pauso,
eta hortik gure unibertso imaginarioaren hainbat paisaia marraztu dituzu airean
kantugrafia berri bat.
Horregatik, zu. «Iñigo Delirium»,
gugan zaude, edo are gehiago,
zu dagoeneko gu zara edo, gu zu gara.
«Iñigo Negu» kantu bat zara, ez dago beste azalpenik
eta forma berriak harturik
edonola eta edonon agertuko zara,
agian, muxu
agian taberna batean
agian dantza
agian manifa batean
agian begirada
agian besarkada batean
agian oraindik jaio ez arren noizbait mundua aldatuko duen nerabe baten lehen gitarra riffean agertuko zara.
Bai, hala izango da, forma guztien gainetik
kantu agertuko zara.
Gure existentziaren sekreturik ederrena,
izan ere nola ez gaituzte desagertarazi oraindik?
kantuak ez direlako desagertzen
ezin dira lotu, zapaldu, birrindu
ez kaiola batean sartu
ez erraustu
kantua lurrun bat da,
itsaso, laino euri, itsaso, laino, euri, itsaso,
isilarazi nahi dituztenean
gure barne kantugrafiaren periferiako auzoetan ezkutatzen ditugu,
gugan mimetizatuak,
utopiarekin muga egiten duen herri batean,
Irun Mosku bihurtzen den leku horretan,
gure memoriaren klandestinitatean gurutzatzen ditu kantuak.
Txingudiko badia,
mediterraneoko infernua
Palestinako Checkpointak,
eta Kubako blokeoa, karajo!
Bai, kantu mugalariak gara,
inork kendu ezin digun merkantzia preziatuaren kontrabandistak,
herentzian jaso genituen eta etorkizunera garamatzate,
horrek bihurtzen gaitu garaitezin.
Horregatik milaka urtetako bidaiaren ondoren
2020ko gau batean,
norbaitek bere haur jaio berriari xuxurlatzen dio,
mirari bat bezala,
nonbaiten entzun eta gogoan gorde zuen kantu zati bat
eta orain ene besoetan, lo gelditzen ari zera
shhiiiii
orain zu zara kantutxo hori
ze gauza ederra kantuak
dagoeneko zu zeu zara kantu «Iñigo Sagarroi», «Iñigo Lurra».
Kantu bat,
ahotik ahora doana,
belaunaldiz belaunaldi
gurea da garaipena.
Tabernaz taberna
ehun ginen
borrokaz borroka
amari itxoiten.
Ametsez amets,
liberazioari itxoiten,
gogotik gogora dabilena
oharkabean agertzen da
eta oharkabean badoa….
Ihesi doa, maitia denbora ihesi doa
ai ai ai ai
zu Iñigo, «Iñigo Hiru Leike»,
soilik hainbeste eta hain eder ematen eta sortzen duzuenokin gertatzen den moduan
zu beti,
gure bizitzetan edonon, edonola eta edonoiz,
doinu berri batean,
ahots berri batean,
bihotz berri batean,
agertuko den
kantu berri bat izango zara.
Eta, horregatik,
etorkizuneko edozein ilunabarretan
paradisu zineman ikusiko gara
bizitza triste eta eder honetan,
edo beste batean.
Iñigo maitia, maitia,
etorkizuneko gure kantu,
maitia.
Iñigo,
gure kantua izango zara,
Iñigo,
Iñigo Muguruza.
Bihotzez, Jon.
2020ko azaroaren 26a, Donostian