EHU-ko hauteskundeak

Eva Ferreira izango da EHUko errektorea

Boto haztatuaren %66,24 lortu du Ferreirak. Parte hartzea lau puntu eta erdi pasa jaitsi da: botoa ematera deituta zeudenen %7,7k eman du.

Eva Ferreira botoa ematen, gaur goian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 26a
20:31
Entzun

Eva Ferreira izango da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hurrengo errektorea. Gaur egin dituzte hauteskundeak, eta bera izan da hautagai bakarra; beraz, nahikoa zuen botoen herena lortzearekin, baina babes askoz zabalagoa jaso du: boto haztatuen % 66,2 alde izan ditu Ferreirak. Dena den, parte hartzeak utzi du datu esanguratsuena: %7,7koa izan da; %12koa izan zen 2016ko bozetan.

Beste behin ere, hautagaitza bakarra izan da EHUko bozetan. Ez da lehenengo aldia: Nekane Balluerka bakarrik aurkeztu zen duela lau urte, eta hala egin zuen Iñaki Goirizelaiak ere 2012an. legedia aldatuta, botoen %33a lortzea nahikoa denez, Eva Ferreirak ez du arazorik izan.

Botoa ematera joan direnen artean, ordea, babes zabala jaso du: boto haztatuaren %66,2 izan da Ferreiraren zerrendarentzat. Horrela, Nekane Balluerkak duela lau urteko hauteskundeetan lortutako emaitzak errepikatzea lortu du: botoen haztatuaren %66,3 izan zen Balluerkarentzat.

Ikasleen artean lortu ditu emaitzarik onenak. Hain zuzen, botoa ematera joan den ikasleen %71,4k egin du Ferreiraren alde, eta %25,4k bozkatu du zuri. Talde horretan, nabarmen hobetu ditu duela lau urteko emaitzak: ikasleen %55,2k egin zuten Balluerkaren alde. Kontuan hartu behar da botoen pisuaren %22,08 dutela ikasleek. Dena den, Balluerkak baino emaitza kaskarragoak jaso ditu Ferreirak beste talde guztietan. Bereziki nabarmentzekoa da doktore iraunkorrak eta iraunkor ez-doktoreak ez diren irakasleen eta ikertzaileen izan duen galera: duela lau urteko emaitzekin alderatuta,%72,4aren babesa izan zuen Balluerkak; Ferreirak, %59,7arena. Azken emaitzan, doktore iraunkorren botoak du pisurik handiena —%56,25 dagokie, eta baleko emaitza lortu du Ferreirak: %65,5ak aldeko bozka eman du, duela lau urtetik bost puntu eta erdi jaitsita.

COVID-19aren eragina

Egunaren alderdi iluna parte hartzearena izan da: deituta zeudenen %7,7k eman dute botoa. Ohikoa denez, ikasleen parte hartzea izan da baxuena: %2,1 soilik hurbildu dira hauteslekuetara, 2016tik ia hiru puntu jaitsita. Aldiz, doktore iraunkorren %66,4k erabaki dute botoa ematera joatea, baina hor ere jaitsiera egon da duela lau urteko bozekin alderatuta, zortzi puntu pasakoa.

Ferreirak hauteskundeen balorazio positiboa egin du, baina onartu du ez dela kanpaina erraza izan, COVID-19a eta hautagaitza bakarra izatea tarteko, zailtasunak izan dituztelako unibertsitate komunitatera gerturatzeko. Gaur ere hainbat gorabehera izan dira: hainbat ikasle taldek salatu dutenez, Ertzaintzaren presentzia handia egon da EHUren campusetan.

Ekonomia Aplikatuko katedraduna da Ferreira, Barakaldon (Bizkaia) jaioa, 1963an. Euskara da bere muga nagusietako bat: euskaraz hitz egiteko zailtasunak ditu. BERRIAri ziurtatu zionez, euskara ikastea du erronkatzat, eta belarriprest gisa ari da parte hartzen Euskaraldian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.