Euskara

Ahots bidezko lehen morroi euskalduna uztailerako egongo da prest

Mycroft.eus bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua aurkeztu dute Talaios eta Skura kooperatibek eta Elhuyar fundazioak. Esan dutenez, ez da bakarrik euskalduna izango: Euskal Herriari begira egongo da.

Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 26a
16:34
Entzun

Oraingoz, Mycroft izena du kutxako ahotsak, eta «Hey, Mycroft» agurtu behar du erabiltzaileak, piz dadin eta erantzun dezan. Baina, urtebete barru, erdarek Alexa, Siri eta Google ahots laguntzaileak dituzten moduan, euskarak ere adimen artifizialean oinarrituriko morroi ia orojakitun bat edukiko du.

«Hey, Mycroft», esan diote bideoz eginiko aurkezpenean mahai gainean jarritako kubo zulodunari. Gailuak «plin» batekin adierazi du agindua ulertu duela eta adi dagoela. «Zer egun da gaur?», galdetu diote gizakiek. «Gaur asteartea da, 2020ko azaroaren 24a», erantzun du, nabarmen utzita gailua aurkezteko bideoa noiz grabatu zuten. «Zer ordu da?», berriz, gizakiak, eta erantzuna eman du gailuak, euskara txukunean, robot bat dela agerian gehiegi utzi gabe.

Oraingoz hori bakarrik egin dezake gailuak, baina, egitasmoaren bultzatzaileek agindu dutenez, urtebete barru «erabat funtzionala» izango da, eta aukera emango du merkatuan dauden halako gailuek egiten dituzten guztiak egiteko; hau da, albisteak irakurtzeko, eguraldiaren iragarpena emateko, afaria etxera ekar dezaten eskatzeko, mezu elektronikoak bidaltzeko...

Talaios kooperatibako Beñat Irasuegik, Skurako Jaione Martinezek eta Elhuyarreko Igor Leturiak aurkeztu dute gailua.
Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimenduna garatzeko elkartu dira hirurak.
Mycroft AI software libreko gailua egokituko dute; horregatik du oraingoz izen hori, eta ingelesezko «hi» batekin agurtu behar du erabiltzaileak. Elhuyarren hizketa ezagutzeko eta ahots sintesirako sistemak elkartu dituzte gailu euskalduna sortzeko, eta dena Raspberry Pi ordenagailu merke eta txikian sartu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren babesa jaso dute, eta Eusko Jaurlaritzak enpresen I+G bultzatzeko duen Hazitek programarena; Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) Torrekua eraikina utziko die lan egiteko. Europako erakundeen babesa ere badute: European Language Grid diru laguntzetara Europa osoko 110 egitasmo aurkeztu ziren, eta aukeraturiko hamarren artean sartu da Mycroft.eus.

Merkatuan daudenen pare egongo da euskarazko morroia, Leturiak esan duenez. Baina ez da bakarrik halakoen euskarazko bertsio hutsa izango. «Ez da bakarrik euskaraz izango, Euskal Herriari begira egongo da: eskatzen badiozu albiste bat irakurtzeko, ez du El Pais-etik hartuko, baizik eta BERRIAtik; jana eskatzen baduzu, bertako enpresak hartuko ditu kontuan». Horrez gain, software librea izango denez, hemengo beste edozein enpresak irakats diezazkioke «trebezia berriak» gailuari.

Besteak beste Apple, Amazon eta Googleri loturiko ahots morroien kasuan, askok nabarmendu dute horiek pribatutasunari ekar diezaioketen arriskua, erabiltzaileen datuak jaso egiten dituztelako —haien elkarrizketa pribatuak barne, hainbat kasutan— gero horiek beste enpresei saltzeko. Euskarazkoa «ezberdina» izango dela adierazi du Leturiak. «Gure helburua ez da datuak saltzea: gurean ez da inoren daturik gordeko, konfidentzialtasuna gordeko dugu».

Genero aldetik ere ezberdina izango dela adierazi du Leturiak. Ohiko bozgorailu adimenduei emakumezko ahotsa jarri diete. Hainbat ikertzailek salatu dute horretan sexismoa dagoela, emakumezko ahotsa jartzen diogulako gure aginduak betetzen dituen gailu bati. Mycroftek orain duen ahotsa gizonezkoa da, «baina geure asmoa ahots neutro bat jartzea da».

Hasieran dago egitasmoa, baina aurkeztea erabaki dute dagoeneko nazioarteko aldizkarietan atera delako. «Gainera, ikusten genuen bozgorailu adimendunak gero eta gehiago datozela. Gurea ez daukagu oraindik, baina interesgarria iruditu zaigu jendeari esatea egiten ari garela euskarazkoa».

Oraindik ez dakite zer izen edukiko duen ahots bideko morroiak, eta ez dakite zer hitz erabili beharko den hura esnatzeko. Uztailera arte dute gailua garatzeko. «Gero, merkaturatzea erronka are handiagoa izango da. Prezio aldetik garestiagoa ez izateko, nola banatu, nola ekoitzi... ikusi beharko da».

Baina ezinbestekoa al da gailu fisikoa? Ezin da lana egingo duen aplikazio bat egin besterik gabe telefono, tableta eta ordenagailuetarako, beste tramankulu bat plazaratu gabe? «Guri, oraingoz, bozgorailua interesatzen zaigu, ikusten dugulako AEBetan dagoeneko oso zabalduta dagoela, eta badakigu gero hona etortzen direla, beranduago bada ere. Sartuz joango dira, beraz», esan du Leturiak. «Ea behingoagatik aurre hartzen diogun, erdarazkoak gure etxe guztietan sartu aurretik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.