ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Otegiren ustez, «euskal errepublikaranzko prozesuaren parte» da aurrekontuak onartzea

TV3 telebistan egindako adierazpen batzuetan, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du koalizioaren oinarriek proposamenari baiezkoa ematea espero duela. Otegiren ustez, «Espainiako Estatuan ez zen halako gobernurik izan Bigarren Errepublikaz geroztik».

Otegi, TV3n. BERRIA
2020ko azaroaren 25a
13:09
Entzun

Kataluniako TV3 telebista kateak Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia elkarrizketatu du gaur goizean, Espainiako aurrekontuei buruz. Otegiren ustez, eskuinari eta eskuin muturrari bidea ixteko aukera bat da aurrekontuei baiezkoa ematea, eta «aukera leiho bat» zabalduko du aurrekontuak aurrera ateratzeak, besteak beste «jendearen arazoei aurre egiteko», «preso politikoei» legezkotasuna aplikatzeko eta «lurralde ereduari buruzo eztabaidarako»: «Espazio horien gainean eraiki behar dira aurrekontu hauek». Otegik adierazi du Espainiako Bigarren Errepublikaz geroztik ez zela izan horrelako gobernurik Espainiako Estatuan.

Prozesu independentistaren barruan kokatu du Otegik aurrekontuei babesa ematea: «Kontziente gara aurrean prozesu bat daukagula gure ikuspuntutik bide eman behar diona hazteari eta euskal errepublika erdiesteari. Eta horretarako, egun, aurrekontu horiei baiezkoa eman behar zaie».

Euskal presoen hurbiltzeei buruz, Otegik ukatu egin du akordiorik dagoela Espainiako Gobernuarekin: «Ezin da akordiorik egin lege arrunta aplikatzeari buruz».

Aurrekontuen negoziazioaz, Otegik jakinarazi du zuzenketak onartzeko prozesuan ari direla orain: «Badira gobernua osatzen duten alderdi batekin zein bestearekin negoziatu ditugun zuzenketak, eta hori ikusi egingo da». Orain parte hartu nahiko luketen «espazioa» lanari eta eskubide sozialei dagokiena da: «Lan erreforma indargabetzeko akordio bat izenpetu genuen, eta uste dugu badela garaia hori aplikatzen hasteko, gutxienez alderik kaltegarrienak». Jakinarazi du hori ez dutela adostu aurrekontuen negoziazioetan, baina eztabaidatzen ari direla. Dena den, espetxe politikarekin gertatzen den gauza bera eskatu dio gobernuari: «Gutxienez bete ditzatela gobernu programan eta hauteskunde programetan dauzkaten akordioak». Hori egin ahal izateko «berme» izan daiteke EH Bildu, Otegiren arabera.

Konfiantza militanteengan

EH Bilduko militanteek bihar erabakiko dute Espainiako aurrekontuei baietza emateko proposamenari buruz, ezohiko batzar batean. Baiezkoaren alde egiteko deia egina du EH Bilduko mahai politikoak. Otegik jakinarazi du, halere, militanteen gehiengoak ezezkoa bozkatuko balu erabakia errespetatuko luketela. Ez du uste hori gertatuko denik: «Konfiantza daukat gure oinarriek gure posizioari babesa emango diotela, haien konfiantza lortu baitugu azken urteotan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.