Eskozia

Eskozian doan emango dituzte hilekoari lotutako produktuak

Erabaki hori hartu duen lehen herrialdea izan da munduan. Ikerketek erakutsi dute oinarrizko produktu horiek erosteko diru arazoak izaten dituztela emakume gazte askok, baita estigma ere.

Konpresak eta tanpoiak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Andoni Imaz.
2020ko azaroaren 25a
11:49
Entzun

Eskoziako Parlamentuak aho batez onartu du hilekoari lotutako produktuak doan izan daitezela. Orain, eskualdeen eta udalen ardura da bermatzea tanpoiak eta konpresak, besteak beste, eskura egongo direla «behar dituzten pertsona guztientzat». Monica Lennon laboristak eraman zuen proposamena parlamentura, eta 2016an hasi zuen «pobrezia menstrualaren» kontrako kanpaina.

Lennonen esanetan, legea «praktikoa eta aurrerakoia» da, eta ezin zitekeen gehiago atzeratu, koronabirusaren krisiak agerian utzi baitu «inoiz baino beharrezkoagoa» dela produktu horiek emakume guztien esku egotea.

Azken urteetan, legearen aldeko kanpainan, pobrezia menstruala salatu dute: diru gutxi duten andreek ezin dituztela oinarrizko produktu horiek erosi. Batez beste, hilean bederatzi euro gastatzen dituztela ikusi dute hainbat ikerketatan.

Young Scot etxeak 2.000 pertsonari baino gehiagori egin zion galdeketa batean jakin zuten Eskoziako ikastetxe eta unibertsitateetako lau parte hartzailetik batek arazoak izan dituela produktu horiek lortzeko. Ikerketaren arabera, Erresuma Batuko ikasleen %10ek ezin izan dute menstruazio produkturik erosi; %15ek arazoak izan dituzte ordaintzeko; eta %19k behar bezain egokia ez den produkturen bat erosi dute prezioa dela eta.

Diru arazoa da askorentzat, eta estigma kontua ere bai, gehienentzat. 14 eta 21 urte arteko nesken %71k lotsaz erosten dituzte hilekorako produktuak. Hezkuntzan ere badu eragina: inkestan parte hartu dutenen erdiak noizbait ez dira eskolara joan hilekoarengatik.

Neurria onartu dutenez gero, Eskoziako 32 eskualdeek erabaki beharko dute zer-nolako moldaketak egingo dituzten legea betearazteko. Eskatu diete «behar dituzten guztiei» emateko produktuak, «aski erraz» eta «aski duin».

Lehenago ere, Eskozia munduko lehen herrialdea izan zen menstruazio produktuak doan jartzen eskoletan eta unibertsitateetan. Neurri hori herritar guztiengana zabaltzeak zalantzak sortu izan ditu, eta gobernuak atzera bota zuen hasieran, «kezka handiak» zituelako funtzionamenduaren inguruan. Zuzenketa batzuen ondoren, alderdi guztiek onartu dute.

Eskoziako Gobernuak 5,8 milioi eurorekin sustatuko du legea, eta udalen esku utzi ditu beste lau milioi eta erdi, leku publikoak banaketarako prestatzeko. Zenbait taberna eta jatetxetan hasiak dira produktuak banatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.