Finantzaketa

COVID funtsaren azken diruak jaso dituzte: 152 milioi euro EAEk, eta 57 Nafarroak

Hego Euskal Herriak 743 milioi euro jaso ditu pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko Espainiako Gobernuak sortutako funtsetik.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa, irailean. ASIER BASTIDA
xabier martin
2020ko azaroaren 25a
11:34
Entzun

Espainiako Gobernuak 16.000 milioi euroko funts bat sortu zuen ekainean, COVID-19ak autonomia erkidegoetan eragindako gastu gehigarrietan laguntzeko. Covid funtsa izenekoa lau zatitan banatu zuen Madrilgo gobernuak, eta horietatik hirutan parte hartu ahal izan dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Azkeneko zatia, 5.000 milioi eurorena, ogasun propioa ez duten erkidegoen artean banatu dute, zerga bilketaren jaitsiera konpentsatzeko.

Uztailean iritsi ziren lehen diruak, osasun gastu gehigarriak ordaintzeko lehen funtsetik. 6.000 milioi euro zituen poltsa horrek, eta 329 milioi jaso zituen Jaurlaritzak, eta 89 milioi Nafarroak.

Irailean, berriz, hezkuntza gastuetarako 2.000 milioiren txanda izan zen: 87 milioi Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta 29 milioi Nafarroarako.

Ogasun Ministerioak gaur eman du osasun gastuei aurre egiteko 3.000 milioi euroko beste parte bat ordaintzeko agindua. 152 milioi izango dira Gasteizko gobernuarentzat, eta 57 milioi Iruñekoarentzat.

Aparteko osasun gastuei aurre egiteko funtsaren bigarren fasean (3.000 milioi euro), hainbat irizpide hartu ditu kontuan Madrilek banaketa egitean erkidegoen artean: ZIUetako okupazioa (%25), ospitalizazioak (%20), egindako PCR probak (%10) eta osasun sistemak zaindu behar dituen herritarren kopurua (%45) izan dira aldagaiak, urriaren 31ko datarekin. COVID funtsaren laguntzak ez dira itzultzekoak, eta ez dute eraginik zorraren zenbaketan.

Kupotik kenduko dute

Espainiako Gobernuak funtsaren beste parte bat ere banatuko du hurrengo egunotan erkidegoen artean, 5.000 milioi eurokoa. Ogasunaren bilketak izan duen gainbehera konpentsatzeko helburua dauka, eta EAEk eta Nafarroak ez dute funts horretatik dirurik jasoko, beren ogasunak dituztenez. Uda aurretik, Madrilek funtsaren nondik norakoen berri eman zituenean, irizpide horrek haserrea piztu zuen Gasteizko gobernuan. Gero, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan akordioa egin zuten gobernu biek, eta, haren arabera, EAEk ez ditu jasoko dagokien funtsaren diruak, baina haiek kupotik kenduko ditu kalkulua egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.