Musika

Kai Nakai: reggaeton euskaldun eta ahaldundua

Iazko Durangoko Azokako Sormen Beka eskuratu ostean, bere lehen diskoa kaleratu du Iratxe Aguilera musikariak: 'Baimenik gabe'. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Jon Maia, Xsakara, STR eta Duplaren kolaborazioak ditu.

Iratxe Aguilera musikaria dago Kai Nakai izen artistikoaren atzean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 23a
14:31
Entzun

Itxura batera, Iratxe Aguilera bakarrik igo da taula gainera, ordenagailu diskretu baten laguntza soilaz hedabideei bere lehen diskoko lehen bi singleak kantatzera, baina mugimendu handiagoaren parte sentitzen da musikaria. «Olatu berria deitu diogu fenomeno honi, urte hauetan hasi direlako talde asko musika mota hau egiten euskaraz; elkarrengandik oso gertu gaude, oso lagunak gara, eta hala deitzen diogu elkarri». Durangoko Azokak antolatutako Sormen Beka irabazi zuen iaz, eta, Kai Nakai izen artistikoa baliatuta, bederatzi abestiko diskoa aurkeztu du orain: Baimenik gabe. Reggaeton musika da proposamenaren oinarria, egilearen hitzetan, betiere euskaraz, eta ahaldunduta. «Beti esan da reggaetona oso matxista dela, eta guk erakutsi nahi izan dugu hau ere musika dela, eta musika berez ez dela matxista, eta gure hitzek kolektibo guztiak hartzen dituztela kontuan».

[youtube]https://youtu.be/XumwYSGt1Xg[/youtube]

Martxoan atera zuen Kolpe izeneko singlea, eta jasotako harrerarekin pozarren dagoela adierazi du Aguilerak. «Mundiala izan zen jasotako hedapena». Egun, 60.000 entzunaldira bidean da Spotify plataforman, adibidez, eta 39.000 bisitara iristekotan dago abestiaren bideoklipaYoutuben. Beste bi single ere kaleratu ditu geroztik, Emoiztazu bihotz eta Ez dakit izenekoak, eta orain arte tantaka aurkeztutako hiru horiez gainera beste sei abesti ere bildu ditu orain diskoan.

Kolaborazio zerrenda esanguratsua ere badu diskoak. Tartean dira, adibidez, Aguilerak «olatu berria» deitutako mugimenduaren barruan koka daitezkeen Dupla, Xsakara eta STR musikarien parte hartzeak, baina bada Aguilerak ere «deigarri» hitzarekin kalifikatu duten beste bat: Mikel Urdangarinena. Eta, hain zuzen ere, Aguilerak harekin batera abesten duen «Denboraren atea» kantua hautatu dute diskoa abiatzeko. Juan Bautista Gamizek XVIII. Mendean Arabako euskalkian idatzitako kopla batzuk ditu oinarri abestiak, eta, abeslariaren hitzetan, hizkuntza berari eutsi arren, mundua ulertzeko modua, eta zehazki emakumeek munduan duten lekua ulertzeko modua, nola aldatu den kontatzen du abestiak.

Urdangarinen baietza

Errebotez heldu zen Urdangarin proiektura, Aguilerak onartu duenez. Beste belaunaldi bateko Gasteiz inguruko euskal abeslariren bat nahi zuten abestirako, baina ez zuten izen zehatzik buruan. Koldo Uriarte musikari eta teknikariak egin zituen zubi lanak. Haren estudioan grabatu du diskoa Kai Nakaik, eta Urdangarinek ere bertan amaitu berri zuen bere hurrengo diskoa izango dena. Urdangarini ea kolaboratuko ote zuen galdetzeko eskatu zioten Uriarteri. Hark ez zuen argi ikusi, baina proposatu egin zion, halere, eta baietz erantzun zuen Urdangarinek, pentsatzeko hartutako egun baten ostean. Aguilera: «Estudioan lanean ari ginela, atea jo zuen norbaitek; ireki eta Urdangarin agertu zen, ea zer letra abestuko zuen».

[youtube]https://youtu.be/gnIoWm9Gg80[/youtube]

Jon Maia bertsolari, gidoilari eta letragileak sortu ditu diskoko hitz gehienak. Aguilerak buruan zer zerabilen aipatzen zion, eta, gero, Maiak bilakatu ditu kezka eta ideia horiek abesti. «Hasieratik oso ondo konektatu genuen. Oso inplikatuta egon da proiektuan, eta uste dut bere konfort gunetik ateratzea izan dela hau beretzat». Eskerrak ere eman dizkio, horregatik, musikariak. «Pentsatzen dudana hain ongi erakustegatik». Letretan begi bistakoak dira, adibidez, genero rolei aurre egiteko asmoa zein mota guztietako harremanak bizitzeari buruzko aldarriak.

Zuzenerako «show bat»

Joseba Razkin Deep Soda proiektuko kide eta Kai Nakairen managerrak gogoratu duenez, Instagram plataformaren bidez izan zuen lehenengoz Aguileraren berri, baina lehen momentutik ikusi zion «zerbait berezia». Durangoko Azokako Sormen Bekan izen ematera animatu zuen orduan, eta irabazle suertatu zen haren proiektua.

Singleak kaleratu eta publikoaren erantzuna jaso arren, Aguilerak ez du orain arte zuzeneko emanaldirik emateko aukerarik izan, eta, horregatik, Durangoko Azokan abenduaren 4an Plateruenan eskainiko duena izango du lehen kontzertua. Alboan DJ bat eta bi dantzari dituela agertuko da abeslaria agertokira kasu horretan. «Show bat izango da, e!», eman du abisua.

[youtube]https://youtu.be/ujkkyfVFyFo[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.