Espainiako aurrekontuak

EH Bilduren militantziak Madrilgo aurrekontuei buruz bozkatuko du; mahai politikoak baietza eskatu du

Otegik iragarri du PSOE-Podemosen aurrekontu proiektuari baietza ematearen alde dagoela mahai politikoa, baina azken hitza militanteek izango dute. Ostegunean 18:30ean egingo den ezohiko batzarrean bozkatuko dute militanteek.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko azaroaren 23a
12:50
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak aurreratu du Espainiako aurrekontuak babestearen alde egin duela koalizioaren mahai politikoak, eta ostegunean militanteek erabakiko dutela. Ezohiko batzar batera deitu dituzte militanteak ostegunerako, 18:30ean, eta hor bozkatuko da. Prozesu parte hartzaileen alde eginda, azken erabakia militantziaren esku uztea erabaki dute, aurreratuta mahai politikoaren jarrera zera dela: PSOE-Podemosen gobernuaren aurrekontuei baietza ematea.

Marko horretan kokatu du baietza, Espainiako Kongresura joateko bi arrazoi nagusi emanda: «Eskuin autoritarioa geratzea eta Euskal Herriarentzako eskubideak irabaztea». Madrilen bide hori ibili dutela azaldu du Otegik: «Zentsura mozioan parte hartu genuen, PP gobernutik kendu genuen, Sanchezen inbestiduran parte hartu genuen eta ahalbidetu genuen PSOEren eta Podemosen arteko gobernua». Aukera berriak ikusi zituzten. Aukera leiho hori irekita mantendu nahi dutela defendatu du. Eta eskubideak irabazteko eta eskuina geratzeko bide horretan aukerak daudelakoan, aurrekontuak babestearen alde egin du EH Bilduren mahai politikoak.

Ohartarazi du lehentasuntzat dutela Madrilen eskuin muturra geratzea, eta hor Ciudadanos ere badagoela azpimarratu du: «Horretan ez gara tronpatzen».

Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko eledunak ontzat jo du EH Bildu Madrileko aurrekontuen negoziazioan sartu izana. ETBn emandako elkarrizketa batean esan du EH Bildu Madrilen PSOErekin aurrekontuen negoziazioan sartu izanak ez duela eragin Jaurlaritzan, EAJ eta PSEren arteko gobernuan, nahiz eta ulertzen duen alderdi jelkidea «deseroso» sentitzea, koalizio subiranista Madrilgo negoziazioetan sartuta EAJri «lehiakide bat atera zaiolako, eta ez da txikia», Anduezak esan duenez. «Urteak igaro ditugu esanaz bidea politika zela, eta ez indarkeria. Une hori iritsi da».

PSOE-Podemosen gobernuak Madrilen aurrekontuak atera ahal izateko babesak behar zituen, eta ildo horretan kokatu du Anduezak EH Bilduren babesa bilatu izana: «EH Bilduren botoak beharrezkoak dira, eta akordio batera iritsi behar da. Ez dago besterik. Ez dago trukerik. Eta, espetxe politikarekin, legea betetzen ari gara».

EAJk Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuekin izan dituen gorabeherak direla eta, sinetsita dago ordua iristen denean EAJk aurrekontuak babestuko dituela: «EAJk badaki Euskadira begirako politikan Madrilen duen rola oso garrantzitsua dela; ez dut aurrekontuetatik kanpo ikusten».

Aitor Esteban EAJko diputatuak, bestalde, baieztatu du asteburuan negoziazio betean segitu dutela Espainiako Gobernuarekin aurrekontu proiektuaren gainean, eta aurrerapauso gehiago izan direla esan du Onda Vascan. Dieselaren gaineko zerga ez igotzea, makina-erremintarentzat eta Zorrotzako tren geltokiko lanetarako diru sailak lortzea eta hezkuntza dualerako bidea ireki eta unibertsitatean sarbidea emateko akordioa lortzeak desblokeatu zuten lehen korapiloa, eta asteburuan aurrerapauso gehiago izan direla gehitu du Estebanek: «Baina oraindik argi-ilunak» daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.