Euskal presoak

Jaione Jauregi: «Konturatu naiz trukerako txanpon bilakatu naizela»

Estradizioaren zain zegoela, larunbat honetan, eta espetxearen atarian haren lagunek elkarretaratzea egiten zuten bitartean, BERRIArekin mintzatu da Jauregi kartzela barrutik.

Jaione Jauregi, ezkerretik lehena. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 21a
17:55
Entzun

Irudi du Jaione Jauregi (Donostia, 1958) azken orduak ematen ari dela Flandrian. Belgikako Kasazio Auzitegiak joan den asteartean eman zuen hura Espainiara bidatzearen aldeko erabakia, eta handik gutxira atxilotu zuten, eta Ganteko espetxera eraman. Belgikak hamar eguneko epea du auzitegiaren erabakia gauzatzeko, baina haren abokatu eta lagunek uste dute bihar bertan, azaroaren 22an, bidaliko dutela Espainiara.

Jauregiren adiskideek elkarretaratze bat egin dute kartzelaren atarian larunbat honetan. BERRIA, Gara eta De Standaard egunkarietako kazetariekin mintzatu da, bitartean, Jauregi, telefonoz.

Zer moduz zaude?

Ez oso ondo. Baina mentalizaturik nago, noiz eta nola eramango nauten ez dakidan arren. Alde batetik, liberaturik sentitzen naiz, apur bat nekatuta nengoelako horrenbeste jazarpen eta leku batetik bestera ibili beharrarekin. Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik nengoela handik alde egin behar izan nuen paperak kendu zizkigutelako, eta garai hartan GALek ere lasterka ibiltzera behartu gintuen. Handik Mexikora joan nintzen, eta gero Belgikara etorri nintzen. Hemen ere jazarpenak ez du etenik izan.

Nolakoa izan zen zure atxilotzea?

Ustez, Kasazio Auzitegiaren erabakiaren ostean, eskumuturreko elektronikoa jarri behar zidaten, eta gero erabaki estradizioa noiz gauzatu. Baina asteazkenean polizia mordoa etorri zen nire etxera, oso oldarkor eta atxilotzeko agindurik gabe. Ez zidaten utzi nire abokatuarekin hitz egiten, eta gezurretan aritu zitzaizkidan: esan zidaten haiekin joan behar nuela eskumuturrekoa jartzera, baina espetxera eraman ninduten. Duela gutxi ebakuntza egin didate, eta sendagilearenera joan behar nuela esan nienean, zera erantzun zidaten: «Ez arduratu, Espainian hemen baino ospitale hobeak daude».

Helegiterik aurkeztu duzue?

Bai. Kasazio Auzitegiak onartu zuen estradizio eskaera, baina adierazi zuen hura ez zela gauzatuko eta aurrerago erabakiko zutela estradizioa noiz egin. Hori ez dute errespetatu, eta horregatik nire abokatuak helegitea jarri du.

Nola baloratzen duzu gertatutakoa?

Konturatu naiz trukerako txanpon bilakatu naizela Espainiak eta Belgikak poliziaren arloan dituzten aferetarako. Terrorista etiketa jarri didate, horrek dena errazten dielako, eta horren aurrean nik ez dut zer eginik edo zer esanik. Ikusiko dugu. Espero dut bidezko epaiketa bat izatea, baina zalantza handiak ditut.

Eta Belgikako Gobernuaren jarrera?

Dezepzio handia hartu dut horrekin. Uste dut Espainiak presio handia egin diola. Lehenengo aldiz atxilotu nindutenean, 2013an, Belgikako poliziek esan zidaten Espainiako poliziaren laguntzaren behar handia zutela, Espainiako hegoaldean ezkutatzen diren gaizkile belgikarrak harrapatzeko. Hala ere, Belgikak bi aldiz ezezkoa eman zion Espainiari ni estraditatzeko eskatu zuenean; hirugarrenean etorri da baiezkoa, eta epaileak aldatu ostean.

42 urte eman dituzu erbestean. Nolako esperientzia izan da hori?

Horrek asko irakatsi dit, erbestean bizitzea uneoro agertzen diren arazoei irtenbidea bilatzea baita, eta oso jende maitagarria aurkitu dut bidean. Urte hauetan guztietan lan pila bat egin dut, baina beti atezuan egon naiz, Espainiak ez diolako ni jazartzeari utzi. Lan egiteak, sukaldean aritzeak batez ere, terapia moduan balio izan dit, egoera hau edozein zoratzeko modukoa baita. Espainiako prentsa ere jazarri zait.

Orain, berriz, ostera ere abiarazi dute zure kontrako prozedura.

New Yorkeko Dorre Bikien kontrako atentatuaren ondoren erabaki zuten borrokan ibilitako guztiak terroristatzat hartzea, eta hori oso ondo etorri zaio Espainiari, edozein borroka mota aspaldi utzi eta munduan zehar barreiaturik geunden guztion kontra egiteko. Espainiarentzat, delituen preskribatzerik ez dago, euskal herritarrak tartean badaude, noski. GAL bai, hori preskribatuta eta ahaztuta daukate, eta ez da ezer gertatzen. Ni, aldiz, oraindik ez naute epaitu, ez dute nire kontra inolako frogarik, eta hala ere Madrilera iritsi bezain pronto kartzelara sartuko naute.

Nire kontrako auzia artxibatuta egon zen, eta berriro ireki zuten, Espainiako justiziak nahi duena egiten duelako. Aurrekoan, arrazoi horixe eman zuen Belgikako justiziak estradizio eskaera atzera botatzeko, auzi horrek aspalditik artxibatuta egon behar zuela, alegia. Gainera, urteak dira ETA desagertu zenetik. Espainiak badu hortik zerbait ikasia, eta aukera baliatzea irtenbideak topatzeko.

Zer-nolako aldartearekin egiten diozu aurre orain etor daitekeenari?

Ez nago pozik, jakina, baina nire tristezia eta hunkidura gorabehera, esan dezaket duintasunez noala, eta aurrera egiteko gogoekin. Espero dut beste inork pairatu behar ez izatea ni pairatzen ari naizena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.