Eva Bildosola 19 urteko emakume bat da, Iruñekoa. Trans da, eta sare sozialetan salatu duenez, eraso transfoboa pairatu du Bartzelonan. Atzo bertan gertatu zen erasoa. Instagramen argitaratu du erasoaren ondorioak erakusteko argazkia.
Bildosolaren salaketaren arabera, etxetik atera bezain pronto egin zioten eraso. «Trabesti zikina» eta «munstro» irainak garrasika bota zizkioten, heldu egin zuten, bi ukabilkada eman zizkioten aurpegian, eta ostikoak eta bestelako kolpeak eman zizkioten gorputzean. Argazkietan aurpegia odoleztaturik agertzen du.
«19 urteko neska normal bat naiz, transexuala, bai, baina horrek ez nau inor baino gutxiago egiten, ez nau munstro egiten», idatzi du. «Eskubidea daukat kalera ateratzeko, eskubidea daukat neure sare sozialetan nahi dudana egiteko». Bere buruaren argazki bilduma zabala du argitaratuta Instagramen. Moda munduan egiten du lan Bartzelonan. «Mundu guztiak eduki beharko lituzkeen eskubideak ditut, nahiko gaizki pasatu dut bizitza osoan gaur naizena izaten saiatzen, norbait orain etorri eta kentzeko».
Kontatu duenez, bi hilabete daramatza Bartzelonan. «Bake bila etorri nintzen hona, neure buruaz gozatzeko, ez laido nazaten, kolpa eta munstro sentiarazi nazaten». Salatu duenez, halakoak trans askori gertatzen zaizkio. Erasoak ondorio okerragoak ekar zitzakeela ohartarazi du. «Nik ez diot kalterik egiten inori, ez duzue eskubiderik hori egiteko». Transfobia gelditzeko eskatu du. «Ez dut bihar hil nahi».
Hainbatetan kontatu du komunikabideetan aitarekin eta haren familiarekin txikitatik edukitako arazoak, ez zutelako bere izaera onartzen. «Amaren etxean panpinekin jolasten nintzen. Aitak apurtu egiten zizkidan», kontatu du aurten hedabide batean. Amaren eta haren familiarekin sostenguari esker egin zion aurre institutuan jasan zuen jazarpenari, eta trans eskubideen alde militatzen hasi zen Hazte Oir erakunde ultraeskuindarrak Iruñera mezu transfoboak zabaltzeko autobusa eraman zuenean.