Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak eskaera zehatzak egin ditu Umeen Eskubideen Nazioarteko Egunean. Hain zuzen, Irati umearen eta haren guraso preso Beatriz Etxeberria eta Iñaki Zapirainen eskubideak bete daitezen; Zaballan beharko lukete bi presoek, plataformaren arabera. Haratago jo du dinamikak, ordea: Zaballako espetxean modulu mistoa sortzeko eskatu du, eta preso dauden gurasoak seme-alabekin egon ahal izateko Euskal Herrian pisuak sortzea.
Plataformaren ustez, «guztion esku dago Irati bezala gurasoak preso dituzten haur motxiladun-en eskubideak errespetatzea; etorkizun osasuntsuago bat eraikitzea gure herriarentzat». «Haurrak babesten dituen» eta «bizikidetzan oinarritua dagoen» etorkizun bat eskatu dute.