Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, bertze bortz euskal preso Euskal Herri inguruan dauden espetxeetara mugituko dituzte, eta bertze bat Euskal Herriratu eginen dute. Emilio Salaberria Etxebeste da Euskal Herriratuko dutena: hirugarren gradua ere eman diote, eta Dueñastik (Espainia, 310 kilometro) Donostiako Martuteneko kartzelara ekarriko dute.
Gregorio Vicario Setien eta Zigor Bravo Saez de Urabain Burgosko espetxera eramango dituzte (Espainia, 215 kilometro). Vicario Topasen zegoen (Espainia, 460 kilometro), eta Bravo Curtisen (Galizia, 600 kilometro). Egoitz Coto Granadatik (Andaluzia, 855 kilometro) El Duesora mugituko dute (Kantabria, Espainia, 170 kilometro). Aitor Olaizola, berriz, Cacerestik (Espainia, 660 kilometro) Dueñasera (Espainia, 310 kilometro). Angel Lopez Anta presoa, azkenik, Algeciraseko espetxetik (Andaluzia, Espainia, 1.100 kilometro) Leongora mugituko dute (Espainia, 370 kilometro).
Guztiak dira EPPK-ko presoak, eta denak daude espetxean ETAko kide izatea leporatuta hainbat delitu egiteagatik. Espetxe Erakundeek jakinarazi dute egindako mina aitortu dutela eta indarkeriari uko egin diotela.