36 eta 31 urte bete dira gaur Santi Brouard eta Josu Muguruza Herri Batasuneko legebiltzarkidea eta diputatua tiroz hil zituztenetik, eta, urtero bezala, omenaldia egin diete Bilbon, Egiari Zor fundazioak deituta. Lore eskaintzaren ondotik, ekitaldia egin dute Errekalde plazan, eta Ane Muguruza Josu Muguruzaren alabak eta Egiari Zor fundazioko kideak estatu indarkeriaren biktimak izan ditu gogoan. Izan ere, Muguruzak salatu du ez zaiela «aitortu» eragindako mina, eta gaitzetsi du «konpondu gabeko gatazka politiko baten existentzia ukatzen duen kontakizun bat inposatu» nahi duela alde batek, «proiektu politiko zehatz bati zilegitasuna kentzeko», zeinarengatik hil baitzituzten Josu Muguruza eta Santi Brouard.
Muguruzak ohartarazi du «sektore politiko eta instituzional batzuek» eskatzen duten «biktimekiko enpatia» dela hain justu estatuaren indarkeriaren biktimek jasotzen ez dutena: «Mingarria eta ulertezina zait gerra zikinarekin zerikusia izateagatik zigortutako kargu publikoak izan dituen alderdi bereko kide izanik, buruzagi batek jendaurrean esatea «GALen biktimek ez dutela behar Felipe Gonzalezek gerra zikinean izan zuen papera argitzeko ikerketa batzorderik». «Mingarria eta ulertezina», era berean, alderdi horrek egin baitzituen torturak, «kare biziz estalitako» desagepenak eta Mikel Zabaltzaren heriotzari buruzko bertsio ofizialak, bertzeak bertze: «Guztiz onartezina da, edozein ikuspuntutatik, gaur egun oraindik aitortu ez izana eragin ziguten kaltea, krimen horien guztien erantzukizun politikoak bere gain hartu ez izana. Zalantzarik gabe, batzuek egiteke dituzten zereginak dira, eta guk zain jarraitzen dugu».
Gaur egun oraindik «heriotza eta sufrimendua» sortzen segitzen duen «indarkeriazko adierazpenak» ere gaitzetsi ditu, hala nola espetxean hildako Igor Gonzalez Solaren kasua. Bestalde, adierazi du «bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko «gatazkaren ondorioak gainditzea» ez ezik, «ezinbestekoa» dela «gatazka sortu zuten arrazoiak ere konpontzea»: «Gatazkaren kausak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politiko eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidea lortzeko lan egiten jarraituko dugu, beste batzuek guk baino lehen egin zuten bezala, determinazio osoz».
Senide eta lagunez gain, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari Jose Antonio Rodriguez Ranz izan da ekitaldian, baita Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, Elkarrekin Podemoseko hainbat kide eta ezker abertzaleko hainbat ordezkari.